Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak eguneratu ditu izurritearen gaineko datuak, eta horien arabera, kasu positibo bakarra baieztatu dute Zarautzen azken orduetan. Hortaz, atzoko emaitzekin, berdin mantendu da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasa: 231,29koa zen atzo, eta berdina da zenbatekoa gaur-gaurkoz. Semaforoko argi horia piztuta dago oraindik, beraz.
Urola Kostan, guztira, sei positibo detektatu zituzten atzoko probetan. Positibo horietatik hiru Zestoan atzeman ditu Osakidetzak, eta intzidentzia tasak gora egin du zertxobait herrian; 539,29koa zen atzo, eta 564,97koa da gaur gaurkoz. Eskualde mailan, Zestoa da tasa 500eko langatik gora duen herri bakarra.
Azpeitian eta Zumaian ere izan dira kasu positiboak azkeneko orduetan, bana herri bakoitzean. Azpeitian jaitsi egin da tasa atzotik, eta 197,11koa da gaur. Zumaian, ordea, igo egin da 231,29ra. Eremu horian jarraitzen dute bi udalerriek.
Aian —251,89ko tasa—, Aizarnazabalen, Azkoitian —66,76ko tasa—, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion —228,31ko tasa— ez dute positiborik detektatu azken orduetan. Izurritearen egoera orokorra hobera egiten ari dela erakusten dute gaurko datuek.
485 positibo Hego Euskal Herrian
Atzo, astelehena, 9.035 test egin zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 428 izan ziren positiboak. %4,7koa da positibotasun tasa hiru lurraldeetan. Detektatutako kasuetatik 57 Araban izan ziren, 265 Bizkaian eta 106 Gipuzkoan. Kanpoan bizi diren pertsonen artean ez zen kasurik detektatu. Nafarroari dagokionez, 1.856 proba egin eta gero 57 kasu detektatu zituzten, eta %3,1eko positibotasun tasa dute.
Erietxeetako egoeraren gaineko informazio eguneratua ere eman du Osakidetzak. Horren arabera, atzo 46 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur gaurkoz 134 pertsona daude hiru lurralde horietako ZIUetan, eta RO indizea 0,89koa da.