394 kasu positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Nerea Uranga 2021ko ots. 21a, 15:00

Osakidetzak eta Osasunbideak 7.918 proba diagnostiko egin zituzten atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, eta 394 positibo kasu zenbatu zituzten. Hala ere, atzo herenegun baino proba gutxiago egin zituzten lau lurraldeetan, eta positibotasuna %5ekoa da gaur-gaurkoz.

Hego Euskal Herrian 394 positibo zenbatu zituzten atzo, larunbata, egindako 7.918 PCR eta antigeno probetan. Herenegungo datuekin (545 positibo) alderatuta, kasu positibo kopuruak behera egin du, baina ostiralean baino 3.432 proba gutxiago ere egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak. Positibotasuna %5ean dago egun, herenegun baino zertxobait altuagoa.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko osasun sailek emandako datuak kontuan hartuta lurraldeka honakoak dira datuak: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 6.295 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 337 pertsonak eman zuten positibo; hau da, %5,4k. 53 positibo zenbatu zituzten Araban, 224 Bizkaian eta 56 Gipuzkoan, eta beste lau positibo beste erkidego edo toki batzuetako pertsonek eman zuten. Nafarroan, berriz, herenegun baino kasu positibo bat gutxiago atzeman zuten atzo: 57. Lurralde horretan, guztira, 1.623 test egin zituzten eta positibotasun tasa %3,5ekoa da.

Osakidetzaren eremuko ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 36 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta egun 144 pertsona daude ZIU Zaintza Intentsiboko Unitateetan ospitaleratuta, bezperan baino bi gutxiago.

Herrikako datuak bihar, astelehena, kaleratuko ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide