Lau kasu berri zenbatu dituzte Zarautzen

Anartz Izagirre 2021ko ots. 18a, 14:19

Herenegungo datuekin Zarautz eremu horira igaro bazen ere, atzoko datuekin gora egin du intzidentzia tasak, eta 282,69koa da gaur-gaurkoz.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu ditu atzo, asteazkena, egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta herenegun baino bi kasu gehiago atzeman dituzte Zarautzen: lau. Herenegungo datuekin Zarautzek eremu laranja atzean utzi bazuen ere, gaur 300eko langatik hurbilago dago 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasa; izan ere, atzoko datuak kontuan hartuta, 282,69koa da.

Urola Kostako positibo guztiak, hamabi kasu, hiru herritan hauteman zituzten atzo: Zarautzen, Zumaian eta Azpeitian. Zumaian izan dira kasu gehien; bost kasu zenbatu zituzten atzo, eta uneotan intzidentzia tasa 203,52koa da herrian. Azken egunetako joerari erreparatuta, igoera txiki bat izan da han, baina oraindik ere eremu horian jarraitzen dute. Bestalde, hiru egun jarraian Azpeitian positiborik hauteman ez badute ere, atzo hiru kasu berri zenbatu zituen Osasun Sailak. Hala eta guztiz, intzidentzia tasan ez da aldaketa handirik izan, eta gaur-gaurkoz 308,80ko tasa du Azpeitiak; beraz, eremu laranjan jarraitzen du.

Eskualdeko gainontzeko zortzi herrietan, berriz, ez zuten positibo bakar bat ere zenbatu. Orion tasak beheraka jarraitzen du, eta eremu horia gertu dute; izan ere, uneotan 309,85eko tasa dute. Azkoitian ere intzidentzia tasak behera jarraitzen du, eta 133,52ko tasa dute orain. 5.000 biztanletik beherako herrietatik aipagarriena, berriz, Zestoako kasua da. Osasun Sailak atzokoan ez zuen han kasu berririk zenbatu, baina bertan eskualdeko intzidentzia tasarik altuena dute oraindik, 410,89koa, hain justu.

Hego Euskal Herrian, gora

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren osasun sailek emandako datuei erreparatuta, guztira, 13.229 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau lurraldeetan, eta 641 positibo izan ziren. Azken egunetako joera bera izan zen atzo ere, eta Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien: 341. Horrez gain, Gipuzkoan 133 kasu hauteman zituzten, Araban 81 eta Nafarroan 78. Bestalde, EAEtik kanpoko herritarren zortzi kasu ere atzeman zituen Osakidetzak. Gauzak horrela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa %5ekoa da eta Nafarroakoa %4,1ekoa.

Ospitaleratzeei dagokienez, berriz, Osakidetzako erietxeetan 68 pertsona ospitaleratu zituzten atzo; ZIUetan, berriz, 153 pertsona daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide