Sei positibo berri zenbatu zituzten atzo Zarautzen

Amaia Urbieta Arruti 2021ko ots. 16a, 13:30

Asteburu osoan sei kasu baieztatu ostean, beste sei positibo detektatu zituzten atzoko probetan. Eskualdean atzemandako kasuen erdiak zenbatu zituzten atzo Zarautzen. Dena den, koronabirus kasu berrien beheranzko joera berresten dute Osakidetzak berriki argitaratutako datuek.

Osakidetzak egunero plazaratu ohi du koronabirusaren inguruko datu eguneratuak jasotzen dituen txostena. Zarautzen sei lagunek eman zuten positibo atzo egindako probetan, hortaz, aurreko hiru egunetan adina kasu berri atzeman zituzten atzokoan. Intzidentzia tasa, ordea, ez da igo herrian, mantendu egin da: 316,96ean dago zifra gaur-gaurkoz.

Urola Kostako gaurko datuei erreparatuta, asteburuan atzemandakoak bezain zenbaki baxuak ez diren arren, garbia da kasu berrien beheranzko joera. Hamabi positibo berri atzeman dituzte guztira, Zarauzko sei kasuak barne.

Zestoan hiru kasu detektatu zituzten atzo, hori dela eta, 100.000 biztanleko hamalau egunetako tasak 500eko langa gainditu du herri horretan. 539,29ekoa da tasa, baina 5.000 biztanletik beherako herria denez, ez da aplikatzen Eusko Jaurlaritzak ezarritako semaforoaren sistema. Kasu berriak atzeman dituzten beste bi herriak Aia eta Zumaia dira. Hurrenez hurren, bi kasu eta kasu bakarra atzeman dituzte herri horietan. Dena den, intzidentzia tasak behera egin du Aian (201,51koa da gaur eta 251 zen atzo), eta mantendu egin da Zumaian (213,70ean dago tasa).

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez zuten positibo berririk atzeman atzo, beraz, eremuei dagokienean, ez da aldaketa handirik izan. Eremu gorritik kanpo jarraitzen dute eskualdeko herri guztiek; eremu laranjan daude Azpeitia, Orio eta Zarautz, eta horian Azkoitia eta Zumaia.

Beheranzko joera Hego Euskal Herrian

Urola Kosta eskualdea ez da salbuespena, izan ere, azken egunetan apaltzera egin dute Hego Euskal Herrian atzemandako kasu berriek, eta atzoko datuek joera hori berretsi dute. Denera, 11.311 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzokoan, eta horietatik 512k eman zuten positibo. 45ek Araban, 293k Bizkaian, 106k Gipuzkoan eta 9k hiru lurralde horietatik kanpo. Nafarroan, berriz, 59 izan ziren atzemandako kasu berriak. Hala, positibotasun tasa %5 baino txikiagoa da Hego Euskal Herrian. %3,4koa da Nafarroan eta %4,7koa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Dena den, erietxeetako egoerak gordina izaten jarraitzen du oraindik ere. 60 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araba, Bizkai eta Gipuzkoan koronabirusagatik, eta une honetan 438 lagun daude ospitaleratuta hiru lurralde horietan, herenegun baino 36 gutxiago. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, koronabirusa duten 168 gaixo daude.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide