Gizonen antisorgailuak, beti gerorako

Ana Galarraga Aiestaran/Berria 2021eko otsailaren 12a

Ana Galarragaren ondoko testua argitaratu du gaur Berria egunkariak. Antisorgailuen auzia abiapuntu hartuta, genero-arrakalaren inguruan idatzi du zarauztarrak.

Soldata-arrakala, lanaldi bikoitza, zaintzaren ardura, sexu-jazarpena... genero-bereizketaren adierazle horien ondoan, bada beste bat, askotan isilean geratzen dena: haurdunaldien erantzukizuna. Horren erakusgarri da emakumeentzako eta gizonentzako antisorgailuetan dagoen aldea: emakumeek hamaika metodo badituzte ere aukeran (betiere, aukeratzerik dutenentzat), gizonezkoek bi baino ez dituzte: preserbatiboa edo kondoia eta basektomia.

Diferentzia horren atzean ez dago arrazoi biologiko edo fisiologikorik, sozialak eta kulturalak baizik: haurgintza emakumeen kontua da, baita hura eragoztea ere. Baina praktikan, ez da oso eraginkorra: munduan, haurdunaldien erdiak nahi gabekoak izaten dira. Gizonek aukeran antisorgailu gehiago izateak ez luke, besterik gabe, egoera aldatuko; aitzitik, zerbait aldatu dela adieraziko luke: gizonak ugalketaz orain arte baino gehiago arduratzen direla esan nahiko luke.

Izan ere, azken urteotan, gizonen antisorgailu bat baino gehiago iritsi da saio klinikoen azken faseetara, baina ez dute merkaturatzeko baimena lortu, ez duelako jaso horretarako behar den bultzada ekonomikoa. Beste era batera esanda: farmazia-konpainiei ez zaie negozio ona iruditu.

2016an, adibidez, gizonentzako antisorgailu hormonal baten saio klinikoak bertan behera geratu ziren, albo-ondorioengatik. Ez emakumeetan eragiten dituztenak baino handiagoak izan zirelako; hain zuzen ere, hauek ziren: aknea, aldarte-aldaketak eta gizentzea. Alegia, emakume askok eta askok izaten dituztenen parekoak. Baina, emakumeek ez bezala, gizonek ez zituztela onartuko aurreikusi zuen konpainiak; horregatik erabaki zuen ikerketarekin ez jarraitzea. Gauza bera gertatu zen bi urte geroago, 2018an, beste antisorgailu batekin: xiringa bidez injektatu behar zen, eta eraginkorra eta segurua bazen ere, emateko moduak ez zuen harrera ona izan.

Artikulua osorik irakurtzeko, sartu hemen

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide