Aitana Lertxundi (Zarautz, 1980) EHUko irakaslea da Medikuntzako Graduan, eta zehazki bioestatistika eta epidemiologia eskolak ematen ditu. Gainera, Osasun Publikoko Masterreko eta Doktoretza programako zuzendaria ere bada. Horrekin nahikoa ez, eta Ingurumen Epidemiologiari lotutako ikerketa talde bat ere gidatzen du. Guztia kudeatzea zaila dela dio zarauztarrak, baina bere lana «atsegin» duela gaineratu du. Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta elkarrizketatu du HITZAk.
Lan-lerro ugari lantzen dituzu egunerokotasunean, baina zer da zehatz-mehatz egiten duzuna?
Egunerokoan eskolak ematen ditut Leioan, bai graduko, bai graduondoko ikasleentzat. Hala ere, irakaskuntzaz gain ikerketara ere bideratzen ditut nire lan orduak. Hain zuzen, Psikologiako fakultatearekin batera, euskal herritarren kutsadura maila aztertzea da gure helburua ingurumen ikuspegitik. Besteak beste, aire kutsadura edo jakiek eragiten duten kutsadura aztertzen dugu. Azterketa amaituta, gure betebeharra da Europa eta nazioarte mailan kutsadura aldetik zein lekutan gauden zehaztea, baita kutsadura horiek gure gorputzetan izan ditzaketen ondorioak aztertzea ere. Adibidez, aire kutsaduraren hilkortasun maila aztertu dezakegu, ospitaleratzeak, haurdunaldian izan dezakeen eragina… Epe luzeko eraginak ere aztertzen ditugu, baina ikerketa lerro horiek denbora gehiago hartzen digute.
Esku artean duzuen proiektua Inma deitzen da.
Hala da. Ingurumena eta haurtzaroa ditu hizpide, hain zuzen, ingurumenak eta bertako ezaugarriek fetuaren hazkuntza fisikoan eta garapen neuropsikologikoan nola eragin dezaketen aztertzen dugu, umea jaio aurretik hasi eta heldu izaten den arte. Espainia eta Europa mailan beste talde batzuk ere badaude prozesu bera ikertzen dutenak, eta haiekin datuak elkarbanatuta, artikuluak argitaratzen ditugu.
Erraza al da ikerketa horietako emaitzak herritarrengana gerturatzea?
Saiatzen garen arren, zentzu horretan hutsune handia nabaritzen dut. Ikusi duguna da gure ikerketen bitartez haurdunaldian gauza asko gomenda ditzakegula, baina jendearengana iristea benetako erronka da. Gure kasuan, Ministerioetara edo Eusko Jaurlaritzara bidaltzen ditugu emaitzak batzuetan, eta gomendioak edo neurriak hartzen dituzte horren arabera: haurdunaldian ez erre, arrain urdina gehiegi ez jan… Urola Kosta eta Goierri bailarako udaletxeekin ere jartzen gara harremanetan, adibidez, gune berdeek sor ditzaketen onurak azaltzeko.
Kutsadura asko al daukagu gure inguruan, oro har?
Zaila da zehaztea, tokian tokiko baldintzen araberakoa da eta. Merkurioa arrainaren kontsumotik dator zuzenean, eta hemen maila handiagoa izaten dute. Aire kutsadura ere bizi garen tokiaren araberakoa da, eta eragin nabarmena du puntu horretan industriak. Ikusi duguna da, adibidez, Goierriko airea kutsatuagoa dagoela bertan dauden enpresa kopuruagatik. Hirietan, bestalde, trafikoa gurutzatzen dugu egunero. Guztiak eragiten du gugan, eta baita plazentetan ere. Arnasten eta jaten dugunaren erantzule gara, eta gure ohituren barruan doaz kutsatzaile batzuk ere.
Uste duguna baino harreman gehiago izan al dezake inguruak pertsonengan?
Salbuespenak kenduta, normalean oso kutsadura maila baxua jasotzen dugu gure ingurutik, baina denboran zehar luzatzen denean, ondorioak nabariak dira. Orokorrean, ingurumen kutsadura da gehien kezkatzen gaituena, zuzenean eragiten baitu gugan eta baita fetuengan ere. Hala ere, dena ez da hain beltza. Arrain urdina jatea ez da guztiz txarra, gantz azidoak ere badituelako merkurioa baino gehiago, eta hori onuragarria da gorputzarentzat. Neurrian egin behar da guztia.
Edoskitzeak umearen aire kutsadura maila jaitsi dezakeela zenioen zure ikerketan. Azaltzerik bai?
Zientifikoki nahikoa frogatuta dago aire kutsadurak eragin zuzena duela edonorengan, eta horrek estres oxidatiboa sortzen du. Gertatzen dena da amaren esneak dituen osagaiek umea indartzen eta babesten laguntzen dutela, eta hori dela eta, gai da umea, nolabait esatearren, kanpo faktore horiei aurre egiteko. Hori 15 hilabeteko umeengan ikusi genuen guk, baina ez da denboran zehar luzatzen den eraginetako bat. Izan ere, umearen garapen kognitiboa beste faktore batzuek ere baldintzatzen dute hazten den neurrian.
Ikasle eta ikerlari moduan beste leku batzuetan ibilitakoa zara, Italian kasurako. Beste errealitate batzuk ezagututa, Euskal Herrian ikerketarako nahikoa inbertsio egiten al da zure ustez?
Oso hankamotz dago ikerketa arloa hemen. Egonkortasun falta izugarria dugu, eta beti gabiltza autofinantzazio bila. Egia esan, segurtasun falta horrek buruko min asko ekartzen dizkigu, eta horrek eskatzen duen kudeaketa lana ere nekeza da. Orokorrean, ikertzeko izugarrizko menpekotasuna dugu erakunde publikoekiko, enpresa pribatuek oso diru gutxi bideratzen baitute horretara. Egoera aldatzeko gobernuek ikerketaren aldeko apustu irmoa egin beharko luke, baita enpresa pribatuek ere. Hala ere, egia da ikerketarako euskal ekosistema beste erkidego batzuena baino hobea dela, baina asko dago egiteko.
Zientzia munduko ikerlari nagusienak gizonezkoak dira. Zure kasuan, nolakoa da inguratzen zaituen errealitatea? Zauden lekura iristeko bidean zailtasunik topatu al duzu?
Egia esan, nire inguruan ikertzen dugun ia gehienok emakumezkoak gara. Agian salbuespena izango da, baina nik ez dut inolako arrakalarik sumatu generoari dagokionez, eta eskerrak. Egia da, ordea, pandemia garaian etxetik egin behar izan dugula lana, eta atera dira artikuluak esanez emakumeak izan direla etxeko zereginak hartu dituztenak, beraien ikerketa oztopatuz. Nire etxean, zorionez, ez da horrela izan.