Kafearen kontsumo arduratsua

Juan Luis Romatet 2021eko otsailaren 10a

Eramateko gero eta kafe gehiago ateratzen dituzte tabernek eta kafetegiek. Hondakin kopurua handitzea ekarri du. Horri soluzioa eman nahian, kafearentzako edalontzi berrerabilgarriak sortu ditu Irrisarri enpresak. Zarauzko establezimendu batzuek bat egin dute proposamenarekin.

Presaz beteta bizitzeak badu eragina kontsumoan ere. Horren adibide da eramateko gero eta kafe gehiago eskatzen duela jendeak; kafetegian edo tabernan kafea patxadan hartzeko denborarik ez, eta abaila batean edaten dute, hitzordu batetik bestera doazen bitartean. Pandemia garaian eramateko kafeen kontsumoa handitu egin da, eta horrekin batera baita hondakin kopurua ere. Soluzio bat aurkitu nahian, kafe edalontzi berrerabilgarriak sortu ditu Irrisarri enpresak. Oraingoz Zarauzko, Zumaiako eta Orioko taberna eta kafetegi batzuek eskaintzen dituzte. 

Irrisarri sortzeko asmoa orain urtebete inguru izan zuten, eta duela hiru hilabetetik da martxan. "Donostian hasi ginen. Hasieran sare txiki batekin hasi ginen lanean, sei tabernarekin, eta pixkanaka hazten goaz. Jendeak eta tabernek edalontzi hauen beharra ikusten dute, eta ari gara sarea handitzen eta sendotzen", dio Ander Alvarezek, Irrisarri proiektuaren atzean dagoen pertsonak.

Funtzionamendua erraza da: proiektuko partaide den establezimendu batean eramateko kafea eskatzean, edalontzi berrerabilgarria eskatzeko aukera izango da, fidantza baten ordez –4 euro tapa eta guztiko edalontzia hartuta–. "Kafea hartutakoan bi aukera izango dituzu: batetik, edalontzia gordetzea hurrengo kafea eskatu ahal izateko, edo, gure proposamena dena, eta bultzatu nahi duguna, sareko beste taberna edo kafetegi batean itzultzea edalontzia. Hala, fidantzan jarritako dirua bueltan jasoko luke bezeroak inongo plusik ordaindu gabe". Alvarezen esanetan, "sarea zenbat eta zabalagoa izan, edalontzia bueltatzeko aukera gehiago izango dituzu, bai herriko beste establezimendu batean, baita beste herri batekoan ere". 

Ekimena hasiberria bada ere, dagoeneko bere emaitzak izaten ari dela dio Alvarezek. "Donostian, adibidez, lehenengo sei asteetan, sei kafetegirekin, kartoizko mila edalontzi gutxiago erabili ziren. Herri bakoitzak bere trafikoa dauka, bere bolumena, baina azkenean keinu txiki honekin emaitza handiak lortzen dira denbora gutxian. Madrilen edo Bartzelonan ohituta daude kartoizko edalontzi asko erabiltzera, baina Zumaia edo Zarautz moduko herrietan ez. Lehen, agian, astean hamar kafe aterako zituzten, baina orain 50 edo 60 kafe ateratzen dituzte, eta hori gastua da", azpimarratu du Alvarezek.  

Donostiatik Urola Kostara

Donostian hasi zen proiektua eta kostaldean barrena, Urola Kosta eskualdera heldu da. Zarauzko, Zumaiako eta Orioko establezimendu batzuetan aurki daitezke gaur-gaurkoz edalontzi berrerabilgarri hauek. Zarautzen Nativen, Lauoken, Tidoren eta Marakan dago ekimena martxan; Zumaian Kraken, Tipitaki eta Maiaur taberna eta kafetegietan, eta Orion The Passen. Taberna horiek kuota bat ordainduko diote Irrisarriri. "Horren ordainetan, zerbitzua jasotzeaz eta gastuak jaisteaz gain, balio batzuk ere erakusten dituzte".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide