"Gurasotasuna eta pandemia" ikastaro bidez lantzeko aukera izango da

Dorleta Agiriano Lai 2021eko otsailaren 8a

Mireia Centenok eskainiko du ikastaroa eta, guztira, sei saio izango dira. "Pandemia garaian familia giroan sortzen diren hainbat egoera kudeatzeko" baliabideak landuko dituzte parte hartzaileek.

Bereziki gurasoei zuzendutako ikastaro berria antolatu du Zarauzko Udalak, "pandemia garaian familia giroan sortzen diren hainbat egoera kudeatzeko" baliabideak lantzeko. Mireia Centenok eskainiko ditu saioak, euskaraz, otsailaren 23an hasi eta martxoaren 30era bitartean.

Hainbat gai zehatz jorratuko dituzte ikastaroan; hala nola, "babesa eta gainbabesaren arteko mugak", "haurren beldurrak eta kezkak nola kudeatu", "haurren aspermena eta pantailak", "egunerokotasuneko gatazkak", eta abar. Sei saio egingo dituzte gai horien guztien inguruan aritzeko, hain zuzen, otsailaren 23an eta martxoaren 2an, 9an, 16an, 23an eta 30ean.

Gaztelekuan izango dira saio guztiak, eta ordu eta erdi iraungo dute, 17:00etatik 18:30era.

Izen-ematea

Otsailaren 18an itxiko dute ikastarorako izen-ematea, eta interesdunek posta elektroniko bidez eman dezakete izena, prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatzita. 10 euro balio du matrikulak, baina ikastaroa egingo dela ziurtatzean eta izen-ematea egin duen pertsonari onartua izan dela jakinaraztean ordaindu beharko da zenbateko hori.

Mugatuak dira plazak, eta udalak azaldu du Zarautzen bizi direnek izango dutela lehentasuna. Dena den, gutxieneko pertsona kopuru batek izena eman ez badu, bertan behera gera daiteke ikastaroa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide