Azken hiru egunetako probetan hemezortzi kasu positibo baieztatu dituzte Zarautzen

Andoni Elduaien 2021ko ots. 8a, 13:12

Bederatzi kasu zenbatu zituzten ostiralean, hiru larunbatean eta sei atzo. Intzidentzia tasak gora egin du Zarautzen, baina 300eko langatik gertu mantentzen da oraindik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri du azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno probetan atzemandako kasu positiboen emaitzen txostena, eta nola kasuek hala intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen dute Zarautzen. Eremu laranjan jarraitzen du herriak, eta ostiraletik atzora bitartean hemezortzi kasu positibo atzeman zituzten –bederatzi ostiralean, hiru larunbatean eta sei atzo–.

Intzidentzia tasa 329,81ekoa da Zarautzen, eta gora egin du asteburuko datuekin –316,96koa zen ostiralean. Oriorekin batera, zenbatekoak gora egin duen eskualdeko herri bakarra da.

Urola Kosta eskualdean, guztira, 60 kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetako probetan. Kasuen herena baino gehiago Azpeitian zenbatu dute, 23 hain zuzen –11 kasu ostiralean eta seina larunbatean eta atzo–. Hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak behera egin du Azpeitian, 1.116,95etik 873,85era.

Eremu gorrian dagoen Urola Kostako beste herria Orio da. Han beste sei kasu positibo zenbatu dituzte –hiru ostiralean, bi larunbatean eta bat atzo–, eta gainera, intzidentzia tasak gora egin du. 1.272,02koa zen tasa ostiralean Orion, eta azken kasuekin tasa 1.288,32ra igo da. Aiak ere eremu gorrian jarraitzen du, baina azken egunetan han ez dute kasu positiborik atzeman. Ostalaritza guneek itxita eta eskolako zein taldekako kirolak etenda jarraitu beharko dute hiru herri horietan.

Azkoitian, bestalde, guztira bederatzi kasu zenbatu zituzten. Kasu horietatik zazpi ostiraleko probetan hautemandakoak dira, eta bi dira larunbatean. 358,84koa da tasa Azkoitian eta eremu laranjan segitzen du.

Zumaian bi kasu positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan, biak ostiralean egindako PCR eta antigeno probetan hauteman zituzten. Intzidentzia tasak 447,75etik 407,04ra egin du behera han. Getarian eta Zestoan, aldiz, kasu positibo bana zenbatu dituzte asteburuan; bi herrietan ostiraleko probetan baieztatu zituzten positiboak. Getarian 141,34koa da intzidentzia tasa, eta Zestoan 667,69koa. Zestoako tasa altua izanagatik ere, ostalaritza guneak ostiraletik aurrera zabaltzeko eta kirola egiteko baimena eman zuen ostegunean Jaurlaritzak. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu berririk zenbatu asteburuan.

Mila positibotik behera

Hego Euskal Herrian, bestalde, 701 kasu positibo zenbatu zituzten atzo, igandea, egindako PCR eta antigeno testetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.687 test egin zituzten, eta 621 kasu positibo atzeman zituzten. 56 positibo zenbatu zituzten Araban, 371 Bizkaian eta 188 Gipuzkoan. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei laguni ere positiboa zenbatu zioten. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan positibotasun tasa %5,8koa izan zen atzo. Nafarroan, berriz, 1.652 proba egin zituzten, eta 80 kasu positibo baino ez zituzten baieztatu, positibotasun tasa %4,8an kokatuz.

Ospitaleen egoera zein den ere zehaztu du Jaurlaritzako Osasun Sailak. 573 lagun daude Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; gora egin du kopuruak azken egunetan. Atzo 42 lagun gehiago ospitaleratu zituzten. Gaur-gaurkoz, halaber, 164 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,87koa da hiru lurraldeetan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide