Hego Euskal Herrian 719 positibo berri atzeman dituzte azken orduetan

Anartz Izagirre 2021ko ots. 7a, 16:37

Guztira, 12.454 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, larunbata, Hego Euskal Herrian, herenegun baino 5.647 gutxiago. Kasurik gehien Bizkaian atzeman dituzte (304) eta gutxien Nafarroan (87).

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak eman berri dituzte atzo, larunbata, egin ziren PCR eta antigeno proben emaitzak, eta horien arabera nabarmen egin dute behera kasu positiboek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.104 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 632 izan ziren positibo eman zutenak: Bizkaian 304, Gipuzkoan 217, Araban 100, eta 11 erkidegotik kanpoko herritarrak. Beraz, herenegun baino kasu gutxiago zenbatu zituzten atzo —947 izan ziren herenegun—; halere, egindako PCR eta antigeno probak ere askoz gutxiago izan ziren atzo, 5.187 gutxiago, hain justu. Hori dela eta, positibotasun tasak apur bat gora egin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %6,3koa da orain.

Ospitaleetako egoeraren berri ere eman du Jaurlaritzak. COVID-19 gaitza dela-eta 57 herritar ospitaleratu zituzten hiru lurraldeetan, herenegun baino 27 gutxiago. Zaintza Intentsiboko Unitateetan (ZIU), berriz, 161 pertsona daude gaur-gaurkoz koronabirusagatik, atzo baino bi gutxiago.

Nafarroan datu baikorragoak izan dira, 87 kasu zenbatu baitzituzten atzo lurralde hartan, herenegun baino 84 gutxiago. Egindako PCR eta antigeno proben kopurua, aldiz, antzekoa izen zen herenegun eta atzo; 2.810 eta 2.350, hurrenez hurren. Hori dela eta, daturik esanguratsuena lurraldeko positibotasun tasa da; izan ere, %3,7koa da gaur-gaurkoz, eta une honetan Munduko Osasun Erakundeak gomendatutako tasaren azpitik dago foru erkidegokoa.

Bihar, astelehena, jakingo dira eskualdeko herriz herriko datuak zein R0 indizea zeintzuk diren, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ez baitu asteburuetan horien berri ematen.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide