Astebetean okerrera egin dute Zarauzko datuek, baina 500eko langatik urrun samar jarraitzen du

Juan Luis Romatet - Mireia Galarza 2021ko ots. 5a, 13:20

Beste bost positiboren berri eman du Osakidetzak Zarautzen. 42 kasu izan dira herrian azken zazpi egunetan, aurreko astean baino hamar gehiago. Atzoko probetako emaitzekin gora egin du kasu metatuen tasak, eta 316,96koa da gaur-gaurkoz. Eremu horitik laranjara pasa da astebetean, baina azaroko kopuruetatik urrun dago oraindik.

PCR eta antigeno proben osteguneko datuak eman berri ditu Eusko Jaurlaritzareko Osasun Sailak, eta azken txostenaren arabera, bost positibo zenbatu zituzten atzo Zarautzen. Aste honetan erregistratu den kopururik ia baxuena bada ere, positibo guztiak batuta une honetan 300eko langatik gora dago kasu metatuen tasa: 316,96koa da azken datuak kontuan hartuta.

Zarautzen 42 kasu berri detektatu dituzte azken zazpi egunetan –urtarrilaren 29tik otsailaren 5era–; hain zuzen, zazpi aurreko ostiralean, bosna larunbata eta igandean, sei astelehenean, 12 asteartean, bi asteazkenean, eta bost atzo. Aurreko zazpi egunetan –urtarrilaren 22tik 28ra– 32 positibo izan ziren, hamar gehiago aste honetan, beraz. Gaurko intzidentzia tasa aurreko ostiralekoa baino altuagoa da: 265, 56 zen duela astebete, eta 316,96koa da orain. Eremu horitik laranjara igaro da herria, beraz. 500eko langa urrun du oraindik, eta baita azaroko positibo kopuru haiek guztiak ere, baina datorren astera arte itxaron beharko da jakiteko goranzko joerak jarraitzen duen, ala mantentzera edo jaistera egiten duen.

20 kasu eskualdean

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, hogei positibo detektatu zituzten atzo Urola Kostan, eskualdeko zazpi herritan banatuta. Azpeitian, Orion eta Zarautzen izan ziren atzo kasu gehien, bosna. Guztira, bezperan baino lau kasu gehiago dira, baina asteartean baino hamasei gutxiago.

Azpeitiak eremu gorrian jarraitzen du. Atzo detektatutako bost positiboen ondoren, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 1.116,95ean dago Urola erdiko herrian; bezperakoa baino hiru puntu txikiagoa da. Beraz, oraindik ere luze jarraituko du herriak gorriz margotuta. Kilometro gutxira, Azkoitian, egoera oso bestelakoa da. Atzo positibo bakarra izan zuten, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak, 367,19ko intzidentzia tasarekin. 

Gorriz jarraitzen duen beste herria Orio da. Hemen ere bost positibo izan zituzten atzo, eta tasa 1.272,02an kokatu zen. Azpeitian ez bezala, Orion gorantz egin du intzidentzia tasak: bezperan baino 49 puntu handiagoa dute gaur gaurkoz.

Aiak ere milatik gorako tasa zuen atzo: 1.057,93koa, hain zuzen ere. Osakidetzak beste bi kasu detektatu ditu herrian, eta oraindik ere itxita jarraituko du herriak azken erabakiaren arabera.

Zumaiak arnas pixka bat hartu du azken bi egunetan. Atzo kasu bakarra izan zuten –bi herenegun–, eta tasa hogei puntuan jaitsi da: 447,75ko kasu metatuen tasa du Zumaiak gaur gaurkoz, eta eremu laranjan jarraitzen du. 

Positiboak izan dituzten beste herria Zestoa izan da;  kasu bat detektatu dute bertan. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, aldiz, ez dituzte positiborik izan.

Positibo kopuruak behera Hego Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian mila kasutik gorako langa pasatuta jarraitzen dugu. Osakidetzak 921 kasuren berri eman du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 15.486 proba egin ziren atzo, eta positibotasun tasa %5,9koa izan zen hiru lurraldetan. Araban 151 positibo izan zituzten, 479 Bizkaian eta 281 Gipuzkoan. Beste lurraldetako hamar lagunek ere positibo eman zuten. Beste 95 lagun ospitaleratu zituzten atzo eta, kezkagarriagoa dena, 162 pertsona daude Osakidetzako erietxeetako ZIUetan, bezperan baino sei gehiago.

Nafarroan, aldiz, 225 positibo atzeman dituzte ostegun honetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. 3.248 proba diagnostiko egin dituzte –bezperan baino 576 gutxiago–, eta horietatik %6,9 positibo izan dira.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide