Aialaren partida zuzenean ikusi ahalko da Internetez

Amaia Urbieta Arruti 2021eko otsailaren 5a

(Luis Epelde)

Sailkapenean zarauztarren aurretik den Kukullagaren aurka jokatuko dute partida bihar, Aritzbatalde kiroldegian. Zaletuek ezingo dituzte harmailak bete, baina norgehiagoka Youtube plataformatik jarraitzeko aukera izango da.

Baldintza berrietara ezinbestean egokitu beharrean dira Zarauzko Eskubaloiko kideak ere. Zilarrezko Ohorezko mailan jokatzen dute bi talde nagusiek (Aialak eta Amenabarrek), eta liga hasi zenetik, streaming bidez eskaintzen dituzte Aritzbatalde kiroldegian jokatzen dituzten partidak. Zaletuek harmailak bete ezin dituztenez, beraz, etxetik animatu ditzakete jokalariak. 

Asteburu honetan Etxebarriko (Bizkaia) Kukullaga taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Aialak. Bihar jokatuko dute partida, 19:30etik aurrera Aritzbatalde kiroldegian. Zuzenean ikusi nahi duenak horretarako aukera izango du Youtube plataforman Zarauzko Eskubaloiak daukan kontuan sartuz gero.

Joaneko jardunaldian Bizkaian garaitu bazituzten ere, aurkari zuzena da Kukullaga zarauztarrentzat, izan ere, taldeko sailkapenean Aialaren aurretik dago uneotan. Bosgarren doaz zarauztarrak 19 punturekin, eta etxebarritarrak, berriz, laugarren, 22 punturekin. Garrantzitsua izango da, beraz, biharko norgehiagoka.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide