Aste honetan, Zarauzko Udalak Abendañon dagoen kirola egiteko gunea eraberritu du. Izan ere, lehendik jarrita zegoen materiala egurrezkoa zen, eta denboraren poderioz hondatuta zegoen.
"Izurritea dela eta, gero eta herritar gehiago gara kirola eta ariketa fisikoa kalean egitera animatu garenak: korrika, bizikletan, paseoak herrian zehar zein inguruko mendietan… Hala, Abendaño kirol-gunea biziberritzeko lanak burutu ditugu, jakinda herritarrak, modu seguruan, aktibo mantentzeko eremu giltzarria bilakatu dela”, azaldu du Leire Arana Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak.
Orain egin dituzten lanekin, birziklatutako plastikoa jarri da: luzaketak, flexioak eta dominadak egiteko barrak, eta egurrezko etxetxoa.
Horrez gain, bi zirkuitu zirkular ere markatu dituzte, korrika egiteko: laburra, urdin kolorekoa, 500 metroko distantzia duena, eta luzeagoa, 700 metrokoa. Aranak argitu duenez, Errotaberriko lanak direla eta, behin-behinekoz, zirkuitu luzearen distantzia 680 metrokoa izango da, lanak bukatu arte.
Udalak Ganboa Lan lorazaintza enpresari esleitu dizkio materialen hornidura eta zerbitzu lanak, 6.300 euroko (BEZ barne) aurrekontuarekin. Materialen hornidura Electro Talleres Zarauz S.A (JOLAS) enpresak burutu du.