Gora egin dute Zarautzen baieztatutako kasuek: hamabi izan ziren atzo

Juan Luis Romatet 2021ko ots. 3a, 13:07

Herenegun zenbatutako kasuak bikoiztu ziren atzokoan Zarautzen, hamabi emaitza positibo izan baitziren. Hazi egin da intzidentzia tasa ere eta, gaur gaurkoz, eremu laranjatik irteteko aukeratik urruntzen ari da herria.

Izurriteak ez du etenik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur eguerdian emandako datuen arabera, Zarautzen gorantz doa positiboen kopurua. Atzo beste hamabi kasu izan ziren, eta sei herenegun. Positiboen hazkunde handia izaten ari da herrian, beraz: 47 kasu izan dira astebeteko epean.

Azkeneko egunak eremu laranjan egin ditu Zarautzek, eta tasa oraindik ere oso kezkagarria ez bada ere –359,79koa du–, badirudi kolore horretatik irten eta eremu horira igarotzeko aukera urrunago dagoela, azkeneko datuak kontuan hartuta.

Urola Kostan 40 positibo izan ziren atzo guztira; bezperan baino 22 kasu gehiago dira. Zarautzen eta Azpeitian izan dira kasu gehien; izan ere, Zarautzen bezala, hamabi positibo baieztatu zituzten atzo Azpeitian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak oso goian jarraitzen du han: 1.268,07ko tasarekin, eskualdeko handiena du. 

500eko mugatik ihes egin gabe jarraitzen dute Zumaian: mugaren alde laranjan dago, baina gorritik hurbil. Atzo beste zazpi positibo izan zituzten herrian, eta intzidentzia tasa 488,45era igo da. Bezperakoa baino 31 puntu handiagoa da. Kezkaz bizi dute egoera kostaldeko herrian.

Oriok eremu gorrian jarraitzen du, eta tasak oraindik oso goian jarraitzen du: 1.223,09ko kasu metatuen tasa dute Orion. Atzo beste hiru positibo izan zituzten herrian. Zestoak ere milako langatik gorako tasa du gaur egun. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta 1.052,90eko tasa dute. Azkoitian, berriz, bi kasu izan zituzten, eta eremu laranjan jarraitzen du 417,26ko tasarekin. Eskualdeko bost herritan ez dituzte positiborik izan: Aian, Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian, hain zuzen ere.

Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian

Ohitzen hasiak gara, baina Hego Euskal Herrian egunero mila kasutik gora izatea kezkagarria da. Osakidetzaren datuen arabera, 1.057 positibo atzeman zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako 16.592 probatan. Positibotasun tasa %6,4koa izan zen atzo. Lurraldeei dagokionez, Araban 163 kasu izan zituzten, Bizkaian 553 eta Gipuzkoan 333. Beste lurralde batzuetako zortzi lagunek ere eman zuten atzo positibo. 98 lagun ospitaleratu zituzten Osakidetzako erietxeetan, eta ZIUn 155 lagunek jarraitzen dute ingresatuta. 

Astelehenean izandako gorakadaren ostean, astearte honetan behera egin dute kasuek Nafarroan, 160 zenbatzeraino, Foru Gobernuak emandako behin behineko datuen arabera. Positiboen tasa ere jaitsi egin da, %6,2tik %4,7ra. PCRak eta antigenoak batuta, guztira 3.394 proba egin zituzten atzo.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide