Garrasia eta oihartzuna

Mikel Elorza/Berria 2021eko otsailaren 3a

(Gedar Langile Kazeta)

Mikel Elorzaren Garrasia eta oihartzuna iritzi-artikulua argitaratu du gaur Berria egunkariak. Lanbidearen eta formazioaren inguruko hainbat hausnarketa abiapuntu hartuta, Ertzaintzaren inguruan aritu da abokatu zarauztarra.

Bere kontura lan egiten duen kide batekin solasean komentatu genuen aldatu egin dela langile burujabeoi egiten zaigun formazio-eskaintzaren izaera (handiustekoegia agian esamoldea, baina «profesional liberal»-ek pikorrak ateratzen dizkit). Garai batean, artean sareak hari bakarrik zirenean, eskaintzak iristen zitzaizkizun aurrera egin zenezan zure lanbidean, eta ikastaroak antolatzen zituzten, zure alorreko erakunde edo bestelakoek, formatzeko, eta, beraz, ikastaro bat antolatuko zioten abokatuari bikote-hausteen ondorio ekonomikoen kudeaketaz; edo inplanteen teknikaz haginlariei; pateak egiteko moduez txarkuteroei; zomorro eta gaitz berriez lorezainei. Publizitatearen inguruko kanpainak ere egoten ziren, noski, orduan ere jakitun ginen edo eginarazten gintuzten promozio eta oihartzunaren garrantziaz, ez zela oso negozio errentagarria munduko onena izatea inork ez baldin bazekien munduko onena zinela. Baina zure lanean hobea izatea bilatzen zela esango nuke.

Orain antolatzen dituzten ikastaroak dira zure edukiak berrantolatuko dituzten aplikazioez, Googleren bilaketetan goiko postuetan ateratzeko teknikez; itxura eder baten garrantziaz, branding eta beste mordo bat -ing modernoen arrakastaz. Egiten duzuna hobekiago egin dezazun baino, gehiago eta egokiago erakuts dezazun. Garai batean pentsa genezake egiten duzun horretan hobea izanik lortuko zenuela ospea, edo bezeroak edo dena delakoa, baina orain ez, orain ospea edo bezeroak edo dena delakoa lortzeko garrantzitsuena ez da egiten duzuna ondo egitea, edo hobeto egitea, ezpada antolatuago egitea, ederrago egitea, oihartzuna izatea… beste zerbait. Jakina, ondo egiten duenarekin errazagoa izango da zabar hutsarekin baino, baina makina bat ezgauza dabil sareetan oso ondo kolokatuta (adierarik bikoitzenean, kasu askotan).

Inpresioa daukat lehen pertsonen garapena lehenesten zela, eta orain, negozioarena. Ez da garrantzitsuena zure kroketak izatea munduko goxoenak, inportanteena da izatea goxoa eta batez ere kroketarik ikusiena, entzunena, saresozialduena...

Artikulua osorik irakurtzeko, sartu hemen

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide