Ostegunean, otsailak 4, izango da Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Egun horretarako hainbat ekimen antolatu dituzte Gipuzkoako AECC elkarteak eta Zarauzko Udalak, Esther Otxotorenaren eskutik. Batetik, Basoa nire baitan erakusketa aurkeztuko dute Merkatu plazan eta, bestetik, Otxotorenak hitzaldia eskainiko du Merkatu plazan bertan, 18:00etan hasita.
"Autoerretratuak eta basoko elementuak" uztartuta eratu zuen Basoa nire baitan argazki erakusketa Otxotorenak. Bularreko minbizia diagnostikatu zioten, eta haren "ibilbide emozionala eta fisikoa" islatzen ditu bildumak, hemeretzi irudiren bidez. "Bizitzari, gaixotasunari, emozioei, zauriei, denboraren joanari, sentsualitateari, feminitateari eta prozesu horretan basoak eman didan ekarpenari buruz gogoeta eginarazten diguten irudiak dira", dio egileak. Urtebete eman du bilduma osatzen, "minbizia tratatzearekin batera".
Ostegunetik aurrera izango da ikusgai Merkatu plazan, hain zuzen, otsailaren 11ra arte. Interesdunak 11:00etatik 13:00etara edo 17:00etatik 20:00etara bitartean bertara daitezke, egunero.
Sorkuntza prozesua mintzagai
Bestalde, "prozesu onkologiko batetik abiatutako sorkuntza-prozesua" zer nolakoa izan den ere azalduko du Otxotorenak, hitzaldi bidez. Ostegunean 18:00etan izango da, eta helburua izango da, haren esanetan, bizi duen "prozesu pertsonala esparru emozionalago batetik partekatzea, prozesu fisikoa ahaztu gabe". Hainbat auziren inguruko gogoeta ere sustatuko du hizlariak; besteak beste, "naturak ongizatean duen garrantzia, aldaketa fisikoek eragindako identitate-galera, gure ingurunearen garrantzia, behar ditugun laguntzak, eta abar".
Edukiera mugatua izango da hitzaldian. Hortaz, joateko asmoa dutenek izena eman beharko dute aurretik, 943 13 32 36 telefono zenbakira deituta.