Patxo Telleria: "Umorea beti lupaz begiratzen da, ondo egina denean arriskutsua delako"

Amaia Urbieta Arruti 2021eko otsailaren 3a

Telleria, 'Ez dok ero' emanaldian. (Tartean teatroa)

Euskal antzerkigintzari ekarpen handia egin dioten bi artista igoko dira etzi Modelo aretoko oholtzara: Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Umorean eta euskal kulturan ardaztutako ‘Ez dok ero’ lana eskainiko dute, 19:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude Modelo aretoko leihatilan nahiz sarean.

80ko hamarkadatik antzerkigintzari estu-estu lotutako jarduna izan du Patxo Telleriak (Bilbo, 1960). Urteon, gehienbat, Ez dok hiru bikote artistikoaren lanak jorratzen dihardu, antzerkigile nahiz aktore gisa. Modelo aretoan izango dira Mikel Martinez eta biak ostiral honetan, beren azken lana eskaintzen: Ez dok ero. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta sarrerak salgai daude aretoko leihatilan eta online, esteka honetan.

Nola definituko zenuke ‘Ez dok ero’ antzerkia?

Ez dok hiruren zigiluko antzezlana denez, dibertimentua du helburu. Bikote artistikoak estilo umoristikoa jorratzen dugu. Nolabait, atzera begirada bat egin nahi izan dut. Normalean, beti bilatzen dugu gai bat dibertitzeko eta barre egiteko. Kasu honetan, konkretu hori gu geu izan gara. ‘Egin dezagun barre gutaz’. 

Atzera begirada da gure ibilbideaz, azken finean, gure estiloaz barre egiten dugu. Bide batez, kulturaren kontzeptu pixka bat mitikoekin edo ukitu ezin direnekin barre pixka bat egitea ere nahi genuen, eta horretarako idatzi dut hau. 

Egituraz, road movie bat da. Gu [pertsonaiak], teorian, hasieran, erretiratuta gaude jendea gurekin aspertuta dagoelako, gure estiloa zaharkitua geratu delako, jendeari ez zaiolako interesatzen. Hori da abiapuntua.  Patxo eta Mikel gara, gu gara pertsonaiak. Nolabait, Santxo Panzaren eta On Kixoteren erreferentziak erabiltzen ditugu nahita eta agerian utzita. Bera txoratu egiten da, ez du onartzen errealitate hori, eta eramaten nau bidaia zoro batean, herriz herri, euskal kultura eta euskal antzerkia eraberritzeko asmo zoroarekin. On Kixoten gertatzen den bezela, berak ere bere erraldoiak ikusten ditu. Haize erroten ordez, erraldoiak. Kasu honetan, euskal kulturarekin eta gure erreferentziekin egin dugu paralelismo hori. 

Urte asko daramazu bikote artistikoa osatzen Mikel Martinezekin. Zer ekarpen egiten dio bakoitzak bikoteari?
Guk badaukagu kaligrafia bat, denborarekin sortu duguna. Norberaren kaligrafia ez dakigu oso ondo nola sortzen den. Txiki-txikitatik hasten gara modu batean idazten, batzuetan xehetasun eta ukitu batzuk nahita jartzen dizkiogu, batez ere, adin batekin, zure letra jorratu nahi duzunean. Azken finean, norberak daukan kaligrafia ez da nahita edo kontzienteki egindako zerbait. 

Nik uste dut guri ere antzerako zerbait gertatzen zaigula. Denborarekin gauza asko ikasi dugu elkarrekin, antzeztu dugu elkarrekin, eta halako akople edo estrategia ia-ia inkontzientea sortzen da. Oso antzezteko modu desberdinak ditugu, eta nik uste dut horrek osagarri egiten gaituela. Mikel askoz ere aktiboa da, mugimenduetan, keinuetan, adierazkortasunean... oso azkarra da gauza horietarako. Nik egoteko beste modu itxuraz patxadatsuagoa daukat. Bikote artistikoetan kontrasteak egon behar dira, eta nik uste dut hor badaudela. Batez ere, esango nuke denborarekin belarria oso egina daukagula bestearen zerara. 

‘Ez dok ero’-n ere biok igotzen zarete oholtzara. Noiz estreinatu zenuten eta nolako harrera izan du?

Azaroan estreinatu genuen. Emanaldi nahikotxo egin dugu ordutik. Harrerari dagokionez, kritika txar bat jasoko bagenu enizuke esango, beraz, ez du asko balio nire erantzunak [barreak]. Baina, egia esan, oso feedback ona izan dugu. Marka honetako antzezlan bakoitzean gure asmoa da jendeari espero ez dituen gauzak ekartzea. Harritzea. Nik uste dut lortzen dugula. Nahiz eta gure estiloa nabarmendu, ezberdina da neurri handi batean. 

Aspaldion asko findu da entzulearen azala umorea jasotzeko moduan. Nola begiratzen diozu horri umoregile bezala? 

Egia da, gero eta metxa laburragoa daukagu gizartean. Nik ulertzen dut gauza batzuetan onerako izan dela. Egon daiteke umore bat nahikoa baldarra eta gustu txarrekoa. Hori baztertzea eta gaitzestea ulertzen dut. Gertatzen dena da, iritsi garela une batera non mundu guztiak daukan iritzia edozer gauzari buruz, eta oso erraza den gurutziltzatzea.  Nik uste dut hori sortzaileok kontuan hartu behar dugula, baina ez genukeela kikildu behar horregatik. Horregatik esaten dut gorputz kritiko hori neurri batean ondo egon daitekeela, baina askotan pasatu egiten gara. 

Gizarteak eredugarritzat jo nahi dituen gauzak umorearen bidez kolokan jartzen dira, eta hori beti da deserosoa

Kuriosoa da, gehiegizko sentiberatasun hori arlo guztietatik datorrelako. Eskuma beti izan da normalean umorearen kritikatzaile handiena, gizarte burgesaren zutabeak kolokan jartzen direlako, baina gaur egun nahikoa nabarmena da ezkerreko ikuspuntutik ere arkatza zorrozten ari garela eta, neurri batean, zentzuzko gauzak komentatzen dira.  Umorea beti egon da soka horretan, beti egon da arrisku horrekin. Greziarren garaietatik, beti lupaz begiratzen da, oso ondo egina dagoenean, arriskutsua delako. Gizarteak eredugarritzat jo nahi dituen gauzak umorearen bidez kolokan jartzen dira, eta hori beti da deserosoa. Beti egon da jopuntuan, eta horrela izaten jarraituko du.

Dena den, ez dago umore bakar bat. Arevaloren umorea bat da, gero dago Marx anaien umorea, gero dago kabaret alemaniarren umorea, ezkerreko umorea, eskuineko umorea.... Aurreko antzezlan batean egin nuen horri buruzko azterketa nahiko sakona. Sinplifikazioa da, baina momentu batean pertsonaia baten ahotik esaten dut bi umore mota daudela: bat boteretsuaren kontra barre egiten duena eta bestea ahularen kontra barre egiten duena. Lehenengoa duina da eta bigarrena zitala. 

Kantitatez eta kalitatez, nola dago euskal antzerkia?

Ez gara gu berez aproposenak gai horri buruzko erantzun objetiboak emateko. Azken finean, basoaren barruan gaude, eta basoa ondo begiratzeko atera egin behar zara eta goitik ikusi, bestela zuhaitzek ez dizute basoa ondo ikusten uzten. Esan nahi dut nik honi buruz komentatu dezakedan guztia subjetiboa dela, gure esperientziak emandako iritzia da. 

Behin hori esanda, nik uste dut nabarmen hazi dela euskal antzerkia, bai kantitatez eta bai kalitatez. Honetan lan egiten duten ikertzaileek zehaztasun gehiagoz azalduko lukete, baina argi dago eta nik baditut neurtzeko modu asko. Esate baterako, duela 30 urte, Maskarada sortu genuen Bilbon, euskaraz modu profesionalean antzezten hasi zen lehenengo taldea, eta garai hartan, gogoratzen naiz antzezlan bat sortu eta horrekin 100dik gora emanaldi egiten zenituela kasurik txarrenean.

Arrazoietako bat zen aukera gutxi zegoela. Programatzaileek gugana jotzen zuten. Gero, pixkanaka, hasi zen jende gehiago sartzen. Denborarekin, konturatu gara gaur egun antzezlan batek oso ondo funtzionatzen badu, iristen garela 50 60 emanaldi egitera. Diferentzia oso nabarmena da eta hori bai, objetiboa da. Eskaintza eta kalitatea, biak igo dira asko. 

Bertsio bikoitza egiten zenean, nahigabe eta, ezinbestean, arreta handiagoz lantzen zen gaztelaniazkoa.

Zein zen euskal antzerkiaren lekua garai batean?

Garai batean konpainiek euskaraz gutxiago programatzen zuten, ondorioz, arreta gutxiago eskaintzen zitzaion normalean. Bertsio bikoitza egiten zenean, nahigabe eta, ezinbestean, arreta handiagoz lantzen zen gaztelaniazkoa. Antzezlan bat gutxiago lantzen duzunean konfiantza desberdina da, emaitza desberdina da. Fenomeno hori nahiko tristea zen. Nik ez nuke esango taldeen errua edo axolagabekeria zenik, merkatua horrela zegoen eta ia-ia nahigabe horretara joaten zinen.

Gaur egun hori ez da gertatzen inondik inora, konpainia batek euskarazko bertsioa prestatzen badu badaki ganoraz prestatu behar duela eta, azken finean, konpetentzia gehiago egotea kalitatearen aldekoa da. Ezin duzu edozer gauza eskaini. Oso lan duina eskaini behar duzu, bestela ez dizute inondik deituko, beste bat aukeratuko dute. Konpetentzia horrek enpresa bakoitza "izorratu" dezake apur bat, baina publikoarentzat oso ona da. Nik uste dut horrek mesede handia egin diola euskal antzerkiari, eta ez da kasualitatea gaur egun euskarazko antzezlanak gero eta duintasun handiagoa izatea.

Garai batean, egon zitekeen nolabaiteko konplexua. Gaztelaniazko antzerkia potentea zen, eta euskarazkoa ahizpa txikia edo ahizpa pobrea. Gaur egun ez, badira konpainia asko euskara hutsean antzezten dutenak, eta ez daukate inolako lotsarik gaztelaniazko konpainien ondoan kokatzeko. Hori denborarekin irabazi den zerbait da, ez da egun batetik bestera sortu.

Denbora eta lana beharko ziren hori lortzeko.

Bai, hori da, eta hori nabaritzen da. Publikoa ere konturatu da. Garai batean, antzerkizale euskaldun eta euskaltzale askok, antzezlan bat ikustera zihoazenean, aukeran, ikusiko zuten gaztelaniazko bertsioa. Ia-ia pentsatu ere egin gabe. Jatorrizko bertsioa normalean gaztelaniazkoa izaten zen. Hori aldatu da, gaur egun ez da gertatzen, eta gainera ikusleek galdu dute leheneago zegoen aurreiritzi hori. Neurri batean, esperientzian oinarritua, baina baita ere aurreiritzi hutsa. 

Zein izan dira eta dira zure erreferente sortzerako orduan?

Ia erreferentziarik gabe sortu dugu guk gure antzerkia. Ez geneukan eredurik. Ereduak ondo daude jarraitzeko, edo horiei kontra egiteko. Gure garaian, euskal esparruan, ez zegoen horrelakorik. Hutsetik hasi behar genuen zentzu horretan.

Egon dira asko miresten ditudan sortzaileak, esate baterako, niretzat erreferente bat beti izan da Gabriel Aresti, baina nik egin dudan antzerkiak oso zerikusi gutxi dauka berak egiten zuen poesiarekin. Bestela, kanpora begira, nire umorearen erreferente nahiko inportantea da Groucho Marx. Eredurik edo ispilurik izatekotan, bera izatea nahiko nuke. Beste bat aipatzekotan, nahiko inportantea izan da Dario Fo. Umore politikoaren erreferente nagusia zen, antzezlan mitikoak zituen. Aipatutako hirurak uste dut beharbada erreferente sentimentalak direla, beste ezer baino gehiago. Identifikazio sentimentala da, ez dakit zer neurritaraino nire estiloak daukan zerikusirik haiekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide