Izurriaren lehen olatuaren ondoren, antzeko estrategiari heldu zioten Europako herrialde gehienek: birusarekin bizitzen ikastea. Estrategia horrek ez du lortu birusa kontrolpean izatea, eta prebentzio-neurrien eta eskubide-murrizketen aldizkako gogortze- eta malgutze-ziklo itsuan sartu du gizartea. Hortik ateratzeko, askok txertoan zuten jarria itxaropena; alabaina, txertaketa-kanpaina hasi orduko, baikorregiak zirela ohartu dira.
Dena ez da kritika eta etsipena, ordea. Badira proposamenak ere; nabarmenena, Zero COVID estrategia. Contain covid ere deitzen zaio (kontrolatu COVID-19a), eta haren funtsa birusaren intzidentzia guztiz txikitzean eta hari maila apalean eustean datza. Birusa desagerraraztea ezinezkoa bada, ahalik eta gutxien egon dadila; agerraldiak berehala geldiarazi daitezela, eta positibo guztiak kontrolatu. Udaberriko konfinamendutik ondorenerako epidemiologoek planifikatu zuten antzera, alegia.
Zenbait herrialdetan lortu dute: Taiwanen, Japonian, Zeelanda Berrian, Vietnamen, Singapurren... Europan, oraingo egoerarekin, askok ezinezkotzat jotzen dute, baina gero eta babes handiagoa du zientzialarien artean. Hain zuzen, Europa osoko zientzialari-talde handi batek dei egin die Europako gobernuei bide hori har dezaten elkarrekin; eta Erresuma Batuan, Irlandan, Alemanian eta Katalunian, besteak beste, tokiko aditu-taldeak sortu dira, proposamena bultzatzeko.
Sartu hemen artikulua osorik irakurtzeko