Sasoi berrirako prestatzen jarraitzen dute Zarautz Arraun Elkarteko arraunlariek. Aurrera doaz entrenamendu saioekin, eta neguan bete-betean sartuta jarraitzen dugun arren, ez dute hain urrun begiztatzen datorren uda. ZAEk jakinarazi du aurten hiru traineru ariko direla lehian, emakumeek osatutako bat, eta gizonek betetako beste bi.
Elkarteak irailean deialdia egin ostean, 30 emakume inguruk ekin zioten arraun egiteari Zarautzen, askok, aurreneko aldiz. Onintza Olaizola entrenatzailearen esanetan, lehiara ere egingo dute jauzi aurten: traineru bat aterako dute. "Hasieran bi ontzi osatzea pentsatu genuen baina, azkenean, batekin lehiatuko gara", azaldu du Olaizolak: "Logistika aldetik zaila da bi trainerurekin aritzea". Beraz, arraun munduan gogo biziz murgildu diren emakumeek ontzi bakar batean metatuko dute indar guztia, besoz beso.
Datorren denboraldian ETE ligan jardungo dute zarauztarrek, hau da, emakumezkoen bigarren mailan. Duela astebete egin zuten izen-ematea.
Kidearen zain
Gizonezkoek, bestalde, bi traineru ureratuko dituzte beste sasoi batez. ZAEko Jon Artolak adierazi du iaz handiagoak zirela arraun elkarteetan bizi ziren "ziurgabetasuna" eta "kezka", "ez baitzegoen argi udan lehiarik izango zen edo ez". Aurtengoan, ordea, datozen hilabeteetako egoera argiago ikusten dela ondorioztatu du: "Publikoarekin edo publikorik gabe, badakigu udan lehia izango dela".
Oraingoz entrenamenduetan "sentsazio ona" dela nagusi esan du Artolak, "bai giroan, bai uretan". Dena den, azpimarra egin dio taldeko arraunlari batek abendu amaieran izandako istripuari, baita horrek taldean izan duen eraginari ere: "Ospitalean jarraitzen du kideak eta guztiok gaude haren zain. Bilakaera ona izaten ari da eta horrek indarra ematen digu guztioi".