Martxel Altuna, Photomuseumeko arduraduna: "Azpimarratzekoa da txikitik abiatzeko zeukan joera"
"Ramon zen, hasteko, Photomuseumen sortzaileetako bat. Serrasek, haren emazte Celina Gorostizagoizak, Leopoldo Zugazak eta Carmen Mirandak elkartu zuten zeukaten materiala, eta ikusi zuten bazegoela museo bat egiteko aukera. 1982an Sanz Enea, Torre Luzea eta bestelako galeriak erakusketaz josi zituzten, eta argazkigintza museo baten eskema modukoa aurkeztu zuten Sanz Enean. Urtebete beranduago sortu zen museoa Villa Manuelan, 1983an, gaur arte. Hasierako egoera kaskar samarra zen, berritu gabeko eraikin zaharra zelako. Horrela egon zen 2003ra arte. Zaharberritze lanak egin zituzten, eta 2005ean gaur ezagutzen dugun modukoa inauguratu zuten.
Ramonen betebeharrak hemen denetarikoak ziren. Bera argazkilaria zen, eta beti kezkatzen zen kamerez, prozesuez... saltsero samarra zen. Oso zarauztarra zen, liburu bat atera zuen museoa sortu aurretik Zarauzko argazki zaharrekin, eta ikerketa lan handia egin zuen. Beti hasten zen inguru hurbiletik. Tartean-tartean erortzen ziren beste nonbaiteko kontuak, baina beti abiapuntua Zarautzen eduki zuen. Erakusketetan-eta beti zegoen Zarauzko jendea, beti zegoen herriari lotuta.
Bestetik, teknika aldetik kontsultaren bat zegoenean beti berak artatzen zuen, talde bisitak egiten zituen... argazkigintza beretzat pasioa zen. Berak esaten zuen, ofizioz gozogilea zela, eta disfrutatzeko zeukala argazkia. Nik uste dut lana ere gustura egiten zuela, gozogile izate hori ere asko estimatzen zuela berak. Bildumazalea ere bazen. Kamera zaharrak, argazki zaharrak... gustatzen zitzaizkion. Photomuseumen egon da ia amaierara arte. Azken urteetan uzten joan zen, baina kontsultaren bat egiteko-edo behar zenerako beti zegoen prest, sasoia eduki zuen artean.
Azpimarratzekoa da txikitik hasteko zeukan joera. Photomuseum sortu zutenean, laguntzak eta behar izan zirenez, galdera bat jasotzen zuten askotan: zergatik Zarautzen? Erantzuna zen beraiek zarauztarrak zirelako. Herri koxkor batean, espezializatutako museo bat... Esango zuen norbaitek agian hobeto zela Donostian, baina berak erantzungo zion Donostian hobeto bazen are hobea litzatekeela Bilbon, edo Madrilen. Esaten zuen Zarautzek ere zerbait eskaini behar duela, eta deszentralizazioaren aldekoa zen. Zarautzi, Gipuzkoari eta Euskal Herriari ekarpena egiten ziola garbi zeukan".
Xabier Txurruka, Zarauzko alkatea: "Photomuseuma joko nuke Ramonek Zarautzi eskainitako proiektu gorentzat"
"Haurra nintzela, igande arratsaldeko plana izaten zen Serraseko txokolatedun kukurutxo goxoak jatea. Nire aita eta Ramon txikitako lagunak ziren eta Ramonek egindako pastelak, gurean goza zitezkeen kutixi preziatuenak ziren.
Pastelero izateaz gain, Ramonek bere afizio eta bokazio zen argazkilaritzari eskaini dio bere denbora librea bizitza osoan. Bere jakituria erakusteko prest beti, gogoan dut Polaroid-eiz gain nola margotzen erakutsi zidan eguna.
Argazkilaritzari zion maitasunak bultzatu zuen gure herrian hainbat eta hainbat proiektu, erakusketa eta bilduma martxan jartzea. Photomuseuma joko nuke Ramonek Zarautzi eskainitako proiektu gorentzat.
Udalak bere esker ona aitortu zion Kultur Merezimenduaren Domina 2018an ematean. Baina iruditzen zait oraindik zarauztarrak ez garela ohartu zer nolako galera suposatzen duen herri honentzat Ramon Serras argazkilari, kultur sustatzaile eta, batez ere, pertsonaren galerak".
Isabel Agirretxe, Argazkizale Elkarteko lehendakaria: "Bere helburua ez zen argazkiak egitea bakarrik, herrian zaletasuna sustatu nahi zuen"
"Izugarrizko afizioa zeukan Ramonek. Txikitatik ibili zen argazkiak egiten. Argazkigintzaren mundua ikaragarri maite zuen, eta bere helburua ez zen berak argazkiak egite hutsa; herrian zaletasuna sustatzea nahi zuen. Mugitu zen lortzeko lokal bat Argazkizale Elkartearentzat, eta hasieran Sanz Enean zegoen egoitza. Oso temati eta kementsua zen, zerbait buruan sartzen zitzaionean, hura lortu behar zuena.
Oso perfekzionista ere bazen. Hartzen zuen kamera eta lortu arte berak nahi zuena hor egoten zen, argazkiak egin eta egin. Zarauzko Argazkizale Elkartea ez zuen berak bakarrik egin, baina ziur nago bere gauzak egiteko grinak pisu handia izan zuela. Lehen batzordean zeuden Luis Buitron, Antonio Cazalis, Xanti Iruretagoiena, Xabier Lukas eta Ramon bera. Horiek 1980an osatu zuten batzordea, eta bera izan zen lehenengo lehendakaria. Imanol Murua zegoen alkate orduan, eta utzi zioten Sanz Enean txokoa. Hor hasi zen ibilbidea.
Gazte-gazte sartu nintzen ni Argazkizale Elkartean, eta orduan ez zeuzkan berak 40 urte ere. Oso motibatuta egoten zen beti. Bakoitzak ateratako argazkiak hobetzeko bilera modukoak egiten genituen. Nazioarteko Argazki Mostra egitea ere berari okurritu zitzaion, eta laborategia edukitzeko ere borrokatu zuen. Hasieran, bazkide bakoitzak eraman behar genuen materiala, baina laborategia edukitzea gauza handia zen. Berez, laborategia berak bazeukan etxean, eta elkartea ez zuen behar. Nire ustez egin zuen zabaltzeko, sustraitzeko herrian argazkigintza. Orduan, Franco hil berria zen eta jendea oso gogotsu zegoen gauzak egiteko. Gogoratzen naiz lehen lehiaketaren gaia Euskal Jaia izan zela. Oso zarauztarra, oso euskalduna eta euskaltzalea zen.
Rallyak, lehiaketak, ikastaroak, proiekzioak... egiten ziren, izan ere, oso harreman estua eduki zuen gainontzeko argazkigintza federazioekin. Beretzat inportantea zen berak zeukan afizio hori zabaltzea; hutsunea ikusi zuelako herrian".