II. Hezegune Egunaren bueltan, larunbat honetan ziren egitekoak Iñurritzako plastiko bilketa. Osasun egoerak eragindako testuinguru "bereziaren" ondorioz, ordea, bertan behera utzi dute Arkamurkak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako egitasmoa. Arkamurka natura taldeak adierazi duenez, "jasotako gomendioak" jarraitu dituzte, eta hori dela eta hartu dute erabakia. Antolatzaileek momentuz ez dute II. Hezegune Eguna aurrera eramateko beste egunik jakinarazi.
Egitasmoaren helburua zen Iñurritzako biotopoan zaborra biltzeaz gain, bertan ugaltzen ari diren landare inbaditzaileak erakustea. Gainera, Uraren Azalean arte zikloko tailerretan sortu zituzten hainbat lan eramatea ere bazen Arkamurkako kideen asmoa.