Joan berri den 2020. urtean 23.360 biztanle zituen Zarautzek, INEren arabera. 2019an 23.323 zituen, alegia, 37 zarauztar gehiago daude orain. Joera goranzkoa bada ere, azken urteetan baino gutxiago hazi zen biztanleria iaz. Izan ere, 2017tik 2018ra eta 2018tik 2019ra 100na biztanle gehiago erregistratu ziren.
Azken hamarkadari erreparatuz gero, 702 biztanleko gorakada izan da 2010az geroztik. Igoera nabarmenena 2012 eta 2016 urteen artean jazo zen, izan ere, lau urte horietan 700 biztanletik gora irabazi zituen herriak. Espainiako Estatistika Institutuak jasota dituen herrikako biztanleria datuen artean zaharrena 1996koa da: orduan 19.202 biztanle zituen Zarautzek, eta harrezkero gorantz egin du biztanleriak ia urtero. Horrek esan nahi duena da, azken mende laurdenean %21,6 igo dela Zarauzko biztanleria.
Gaur egun 11.344 gizon eta 12.016 emakume bizi dira Zarautzen. Aldea nabarmena da, 672 emakume gehiago baitaude herrian.
Hamarkadako hazkunde handiena
Euskal Herriak 3.152.218 biztanle ditu gaur egun. Hala jakinarazi du Gaindegiak, estatistika erakundeek argitaratutako datu berrietan oinarrituta gauzatu duen eskualdeen argazki sozioekonomikoaren azterlanean. Duela urtebete baino 22.622 biztanle gehiago ditu Euskal Herriak, hau da, ordutik 0,71 puntu igo da biztanleria, eta azken hamarkadako hazkunderik handiena da azken urtebetean eman dena –azken sei urtetan gora egin du kopuruak–.
Herrialdekako datuei erreparatuta, berriz, Euskal Herriko herrialde guztietan igo da biztanle kopurua, Zuberoan izan ezik. Gaindegiak azaldu duenez, igoera horren arrazoi nagusia Euskal Herritik kanpo jaiotako pertsonen etorrera izan da; izan ere, jaiotze tasak apala izaten jarraitzen du. Gainera, horri esker, gaztetu egin da euskal gizartearen egitura demografikoa. Gipuzkoan, esaterako, 727.121 lagun bizi dira egun, 2019an baino 3.545 pertsona gehiago.
Eskualdez eskualde aldeak nabarmenak dira, baina Gaindegiak emandako datuen arabera, 2008 eta 2018 urteen artean Gipuzkoako bailara guztietan egin zuen gora biztanleriak –behera egin dute, besteak beste, Arabako, Bizkaiko, Ipar Euskal Herriko nahiz Nafarroa Garaiko hainbat eskualdetan–. Biztanleria gehien hazi zen Gipuzkoako eskualdea Urola Kosta izan zen. Hain zuzen ere, 75.751 lagun bizi dira eskualdea osatzen duten 11 herrietan, 2008an baino %6,5 biztanle gehiago. Hazkundeari erreparatuta, Tolosaldean ere igoera nabarmena izan zuen biztanleriak (%5,7); aldiz, hazkunde txikiena Debagoienak izan zuen (%1,3). Datu horiei erreparatuz gero, Gipuzkoako zazpi eskualdeetatik hirugarren populatuena da Urola Kosta: aurretik ditu Donostialdea (330.169 biztanle) eta Bidasoa Beherea (79.991 biztanle).
Eskualdea aztergai
Espainiako Estatistika Institutuak urtearen hasierarekin argitaratutako datuen arabera, Urola Kostan 76.405 pertsona bizi ziren 2020an, aurreko urtean baino %0,5 gehiago (75.998 ziren orduan). Zarautzen ez ezik, herri gehienetan egin du gora biztanle kopuruak, Aian (-15), Errezilen (-7) eta Getarian (-25) salbu. Gora egin du biztanleriak Aizarnazabalen (+7), Azkoitian (+94), Azpeitian (+170), Beizaman (+3), Orion (+69), Zestoan (+61) eta Zumaian (+13).