Zarautzen egonkorra izaten jarraitzen du egoerak. Atzo hiru emaitza positibo izan ziren COVID-19a hautemateko egindako probetan, herenegun baino bat gehiago. Hala, intzidentzia tasak zertxobait gora egin badu ere –222,73koa zen atzo eta 235,58koa da gaur–, 500eko langatik urrun jarraitzen du Zarautzek, eta eremu horia da oraindik.
Urola Kostari dagokionez, pandemiak protagonizatutako amesgaizto honetan ezusteko handiena Orion izan dute gaur: hamabost positibo zenbatu zituzten atzo kostaldeko herrian, eskualdean zenbatutako 34 kasuetatik ia erdia. Positiboen hazkunde horren ondorioz, Orioko intzidentzia tasa milako langara hurreratu da: 929,55 tasa zuen atzo kostaldeko herrian.
Zestoan ere kezkarekin bizi dute egoera. Atzo beste sei positibo detektatu zituzten herrian, eta kasu metatuen tasak milako langa gaindituta jarraitzen du: 1.155,62 tasara igo zen atzo. 28 kasu izan dituzte Zestoan azken zazpi egunetan.
Kezka herri batzuetan, une bateko lasaitua beste batean. Azken egunetako positiboen olatuaren ondoren, atzo bi kasu besterik ez zituzten detektatu Azpeitian. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak milatik gora jarraitzen du –1084,10– hala ere. Kilometro gutxira, Azkoitian, hiru kasu izan zituzten atzo. Eremu laranjan jarraitzen du herri honek, 375,53ko tasarekin.
Zumaian beherantz jarraitzen du intzidentzia tasak. Atzo beste lau kasu izan zituzten, eta kasu metatuen tasa 590,21era jaitsi da. Milako langatik hurbil izan zen Zumaia orain astebete inguru, eta ordutik beherantz doa tasa. Aian kasu bakarra izan zuten atzo, eta ez zuten positiborik zenbatu Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Getarian.
Mila kasutik gora Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian ere ez doaz gauzak ondo. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak beste 1.104 positibo detektatu zituen egindako 15.837 probatan. Positibotasun tasa zertxobait jaitsi da; %7koa zen atzo.
Lurraldeei dagokionez, Araban 179 kasu izan zituzten, 609 Bizkaian eta 297 Gipuzkoan. Hiru lurralde hauetatik kanpoko 19 lagunek ere positibo eman zuten. 89 lagun ospitaleratu zituzten atzo, baina hori baino kezkagarriagoa da ZIUen egoera: 134 lagun zeuden atzo Osakidetzako erietxeetako zaintza intentsiboko unitateetan, bezperan baino bederatzi gehiago.
Nafarroan 3.514 proba egin zituzten atzo, eta hauetatik 179k eman zuten positibo. Positibotasun tasa %5,1era jaitsi da lurralde honetan. Nafarroako gobernuak ez du ospitaleratuen daturik eman.