Datorren larunbatean, urtarrilak 30, izango da II. Hezegune Eguna Zarautzen. "Gure elkartearen ideia eta ilusioa urtero ospatuko den dinamika bat sortzea litzateke, Hezegune Eguna deiturikoa, hezeguneen alde egin den eta horiek babesteko egun bizirik darraien ahalegina azpimarratzeko", azaldu dute Arkamurka Natura Elkarteko kideek.
Horren harira, Iñurritza biotopoa garbitzeko plastiko bilketa antolatu dute larunbaterako. 09:00etan elkartuko dira gasolina-hornigailuaren aurrean biotopora sartzeko dagoen sarbidean, eta Iñurritzako bi aldeetan dauden zaborrak jasoko dituzte, Arkamurkaren esanetan, "plastiko ugari" baitago han.
Ez dute horretara mugatuko, baina, goiz horretako jarduna. Arkamurkako kideek biotopoan ugaltzen ari diren landare inbaditzaileak erakutsiko dituzte, eta "bakarren batzuk" moztuko dituzte. Bestalde, Uraren Azalean arte zikloko tailerretan sortu zituzten hainbat lan eramango dituzte Iñurritzara; hain zuzen, Artezaleakeko Koinobori saioetan sortutako artelanak mugituko dituzte hara, eta erreka inguruan jarriko dituzte arrain itxura duten sorkuntza horiek.
Arkamurkak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatu dute II. Hezegune Eguna, elkarlanean.
"Munduko ekosistema emankorrena"
Nazioarteko Hezegune Astea aitzakia hartuta heldu diote dinamikari Zarautzen. Oraingoan "Iñurritza biotopoko hezegunearen garrantzia azpimarratu" dute Arkamurkako kideek, eta gogorarazi dute hezeguneak direla "munduan gehien hondatu eta galdu diren ekosistemak", baina baita "munduko ekosistemarik emankorrenak ere", "bertan pilatzen baita ibaietatik datorren materia organikoa".
"Garai batean, 'ezertarako balio ez duten' lokazti horiek estaltzea zela onena iritzi zuen jendeak", dio Natura Elkarteak: "Gerora joan gara konturatzen lokazti horiek duten garrantziaz; alde batetik, itsasertzeko eta lehorguneetako ur-sistema erregulatzen duelako eta, bestetik, gune horietan dagoen fauna eta flora oso aberatsa delako".
"Zarautzek badu altxor handi bat: zaindu eta babestu behar den Iñurritzako hezegunea. Espero eta eskatzen dugu, Iñurritzakoaz gain, Irita eta Asti aldekoak ere naturalizatu eta zabalduko direla luzatu gabe, denak biotopo bakarrean batuz", gaineratu du.