"Ikasteko espazio gehiago" eskatu dio udalari Zarauzko Ernaik

Onintza Lete Arrieta 2021eko urtarrilaren 24a

"Osasunaren aitzakiapean gazteok beharrezkoak ditugun zerbitzuak murriztea ez zaigu neurri eraginkorra eta zentzuzkoa iruditzen. Datozen hilabeteetan egoera hau alda dadin, espazio gehiago eskaini dezala eskatzen diogu gazteok udalari, beti ere segurtasun neurriak eta guztion osasuna bermatuz", azaldu du Ernaik Twitterreko bere kanalean.

Ernai gazte mugimenduaren Zarauzko taldeak udalari "ikasteko espazio gehiago" eskatu dio. "Unibertsitateko ikasleentzat azterketaz beteriko egunak izan dira azken hauek, eta urtero bezala, etxetik kanpo ikasteko espazio baten eskaria nabarmen hazi da. Egungo testuinguruan, ordea, Zarautzen askoz ere pertsona gutxiagorentzako lekua eskaintzen da, edukiera kontuak tarteko".

Gazte mugimenduak Twitterreko bere kanalean salatu duenez, "Kiroldegian zegoen ikasgelarik gabe eta liburutegiko aforoa %50 ingurura murriztuta, 30 pertsona ingururentzat bakarrik eskaintzen da espazioa, ia 24.000 biztanleko herri batean". Ondorioz, espazio guztia lehen orduan betetzen dela eta "gazte asko ikasteko tokirik gabe" gelditzen direla azpimarratu du. "Egunero egoera bera errepikatzen da".

Kritika eta eskaria egin dio udalari: "Osasunaren aitzakiapean gazteok beharrezkoak ditugun zerbitzuak murriztea ez zaigu neurri eraginkorra eta zentzuzkoa iruditzen. Datozen hilabeteetan egoera hau alda dadin, espazio gehiago eskaini dezala eskatzen diogu gazteok udalari, beti ere segurtasun neurriak eta guztion osasuna bermatuz".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide