Eusko Jaurlaritzak iragarritako azken neurrien harira, hainbat moldaketa egin ditu Aritzbatalde kiroldegian udalak. Ohar bidez azaldu dutenez, alde batetik, 6 eta 14 urte bitartekoen eskola kirol entrenamenduak berriz ere martxan dira, eta hala egongo dira Zarauzko kasu positiboen azken 14 eguneko intzidentzia tasa metatua 500 baino baxuagoa den artean. Gaur-gaurkoz, 222koa da zifra hori eta eremu horian dago Zarautz. Tasak 500etik behera jarraitzen duen artean, irekita mantenduko dira aldagelak kiroldegian %30eko edukierarekin, eta dutxak bakarka erabiltzeko aukera egongo da. Instalazioetako edukierak, berriz, %40koa izaten jarraituko du. Jakitera eman dutenez, Zarautz eremu gorrian sartuko balitz (intzidentzia tasak 500 gaindituta) aldagelak fitness aretoan eta bigarren solairuan bakarrik itxiko lirateke.
Haurren kirol jarduerari lotuta, udalak azaldu du dekretu berriak aukera ematen duela etenda zeuden haur igeriketa ikastaroak berriz martxan ipintzeko. Ikastaro horiek atzo berrartu zituzten, ordutegi eta begirale berberekin. Hasiera batean, bost asteko iraupena izango dute ikastaroek. Berrartu dute, baita ere, igeriketa ikastaroetan behar bereziak dituzten haurrei laguntzeko begirale zerbitzua. Horrez gain, gogorarazi dute martxan jarraitzen duela Dortoka mailako bigarren hiruhileko ikastaroak, eta, urtarrilean martxan jarritako helduen igeriketa ikastaroek arrakasta izan dutela ikusita, ikastaro gehiago abiarazteko asmoa azaldu du udalak.
Dekretu berriak ahalbidetzen du gazteek berriz ere kirolari ekitea, beraz, GazteFit ikastaroa ere martxan izango da berriz, ordutegi eta talde berberekin. "Pixkanaka, eta pandemiak ahalbidetzen duen neurrian, Aritzbatalde Kiroldegiko zerbitzuak zabaltzen goaz. Gure asmoa da datozen asteetan ikastaroak aktibatzen jarraitzea, horietako batzuk berriak, hala nola Entrenamendu Funtzionala ikastaroa", azaldu du Leire Arana Kirol zinegotziak. Gaineratu du aurrerago emango dutela azken ikastaro horren berri.
Aranak, bestalde, pandemiaren bilakaeraren ondorioz hartutako neurri berrietara egokitzen jarraitzeko asmoa agertu du oharrean, eta nabarmendu du beraien asmoak direla "erabiltzaileen segurtasuna lehenestea eta ahalik eta eragozpen gutxien eragitea". Gogorarazi du garrantzitsua dela une oro 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzea eta maskara jarrita izatea.
Kuotaren kobrantza, osorik
2021eko urtarriletik aurrera abonatu kuotaren %100 kobratuko dutela ere jakinarazi dute prentsa oharrean. Hori arrazoitzeko, azaldu dute larunbatetan kiroldegia ez dela eguerdian itxiko (ordutegi jarraian egongo da zabalik, 08:00etatik 20:00etara) eta igandeetan irekiera ordua aurreratuko dutela (08:00etatik 14:00etara). Bestalde, "izandako arrakasta ikusita", doako Express saioen eskaintza zabaldu dute fitness gunean, asteko zazpi egunetara. Gaineratu dute larunbat goizetan doako Master Class-ak ere eskainiko dituztela, eta aurrerago emango dutela horien berri. Gogorarazi dute dutxa zerbitzua abendu erditik dela martxan, eta squash guneko eta frontoiko erreserbak ere berraktibatu direla. Azkenik, aditzera eman dute Kirol Orientazio Zerbitzua ere martxan jarri dela berriro; lehengo moduan, doan, zarauztar guztientzat.
Adin tarteetan aldaketak
Bestalde, udalak gogora ekarri du oharrean 2021erako Ordenantza Fiskalak erabakitzeko udalbatzarrean adostu zutela izoztea kiroldegiko abonatuen tasak. Horrez gain, zenbait kolektiboren adin-tarteak aldatu egin direla azaldu dute eta, modu horretan, "abantailak" sortu direla batzuentzat. Esaterako, 0-3 urtetik 0-4 urtera luzatu dute abonatu kuotarik ordaindu behar ez izateko adin tartea, eta gazteen prezioa ordaintzen dutenen adin tartea, berriz, 4-18tik 4-23ra zabaldu dute. Azkenik, Aranak azaldu du doakoa izango dela 80 urtetik gorakoen kuota.
Erreserbak baliogabetzeko sisteman aldaketa
Erreserben eskari handia tarteko (batez ere igerileku txikian), erreserbak baliogabetzeko sistema aldatu dute, "erabiltzaileei aukerak zabaltzeko asmoarekin". Orain arte erreserba bat bertan behera utz zitekeen txanda hasi baino 15 minutu lehenago. Orain, erreserba 12 ordu lehenago baliogabetu beharko da.