Zarauzko Bilgune Feministaren oharra, azken berrien harira

Zarauzko Hitza 2021eko urtarrilaren 19a

Eraso matxistei "elkarrekin eta tinko" erantzungo dietela azpimarratu du Zarauzko Bilgune Feministak. Bestalde, ostiralerako hitzordua finkatu du, Martxoaren 8a prestatzeko asanblada feminista egiteko. Jarraian dago irakurgai oharra osorik.

"2021.urtea ez dugu aise hasi Zarautzen. Beste behin, notizia ditugu indarkeria matxistagatiko atxiloketak, epaiketak... Zarauzko Bilgune Feministatik gure elkartasun eta babesa adierazi nahi diogu aste honetan bertan erasoa jasan duen emakumeari eta bidelagun izango gaituela adierazi. Bestalde, dela egun batzuk 2017ko sanpelaioetan izan zen bortxaketaren epaiketa burutu da. Gogora itzuli zaizkigu egun gogor horiek. Garaian esan genuen bezala, argi eta ozen diogu emakumeok* elkarrekin eta tinko erantzungo diegula eraso matxistei.

Eraso horiek, eta zoritxarrez beste hainbat eta hainbat, ez dira gertaera esporadiko eta isolatuak. Askotan esan dugun bezala, izebergaren punta dira, ageriko indarkeria. Horiek gertatzea ahalbidetzen duen egitura osoa dago azpian, egiturazko indarkeria matxista deitzen dioguna. Indarkeriak ertz asko ditu, eta, alde guztietatik borrokatzea dagokigu. Guretzat, borroka eta elkartasun feminista, autodefentsa eta ahalduntzea dira horri aurre egiteko baliabideak. Eta argi dugu, emakumeok* elkarrekin marraztuko dugu bide hori.

Jada, gertu dugu Martxoaren 8a eta data esanguratsua izanik, ostiral honetan asanblada feminista izango dugu 17:00etan Putzuzulo Gaztetxean. Beraz, probestu nahi dugu Zarauzko emakume* orori bertan parte har dezan gonbita luzatzeko. Gure arteko zubi, sare eta borrokekin, soilik aldatuko dugulako bizi dugun errealitate krudela.

Gora borroka feminista!"

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide