Xabi Bandini izango da aste honetako gonbidatua 'Galdedebalde' saioan

Dorleta Agiriano Lai 2021eko urtarrilaren 18a

(RockTotal)

Ostiralean izango da aste honetako Galdedebalde saio berezia, Putzuzulon. Ikus-entzule gisa joan nahi dutenek sarrera erosi beharko dute aldez aurretik; asteazkenean izango da salmenta.

Aurrera doaz Galdedebalde saio bereziak. Aurreko astean Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola aritu ziren Arraio Irratiko Galdedebalde irratsaioan, zuzenean Putzuzulo gaztetxetik. Aste honetan, ordea, Xabi Bandini abeslaria izango da gonbidatu berezia; hain zuzen, ostiral honetan, urtarrilak 22, egingo dute saioa, 18:30ean hasita. Pasa den astean bezala, jendaurrean grabatuko dute zuzenekoa, eta galdera bidez parte hartzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.

Oraingoan ere sarrera eskuratu beharko dute Galdedebalde saio berezira bertaratzeko asmoa dutenek, 5 euroan. Asteazkenean, urtarrilak 20, izango da sarreren salmenta, 19:00etan Putzuzulon. Dena den, ostiralean bertan ere erosi ahalko dira txartelak, 18:00etan. Saioa hasi baino ordu-laurden lehenago, 18:15ean, gaztetxeko ateak itxiko dituzte.

Hurrengoan, Olatz Salvador

Galdedebalde irratsaioko kideek jakinarazi zutenez, Aitziber Garmendia, Jon Plazaola eta Xabi Bandiniz gain, Olatz Salvador ere izango da Putzuzulon gonbidatu berezi gisa, Arraio Irratiko uhinetan zuzenean. Bandinik nahiz Salvadorrek hainbat abesti ere kantatuko dituzte Galdedebalde saio horietan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide