Urra nagusi herri kirol txapelketetako Aizarnako jardunaldian

Julene Frantzesena 2021eko urtarrilaren 18a

(Ibon Errazu)

Aizarnan izan ziren atzo Binakako Aizkolari Txapelketako eta Urrezko Harri-jasotze Txapelketako saioak. Harri-jasotzen, Mikel Lopetegi Urra aise nagusitu zen.

Atzo, igandea, urrezko herri kirol txapelketetako kanporaketak jokatu zituzten hainbat kirolarik Aizarnan. Ikuslerik gabe egin zituzten saioak, pandemiak sortutako egoera tarteko, segurtasun neurriak bermatzeko.

Batetik, gizonen Urrezko Harri-jasotze Txapelketako kanporaketa izan zen. Mikel Lopetegi Urra zarauztarra, Jagoba Otaegi eta Jon Irañeta aritu ziren nor baino nor. Zortzi arroako hiru harrirekin egin zituzten lanak: ehun kiloko koparekin, bolarekin eta kubikoarekin. Urra aise nagusitu zen guztira 72 jasoaldi eginda. Bigarren Otaegi izan zen, 58 altxaldirekin, eta hirugarren, berriz, Irañeta (50 jasoaldirekin). Udane Ostolaza eta Aroa Sanchez harri jasotzaileek, berriz, erakustaldia eskaini zuten.

Bestetik, Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako saioan lehiatu ziren hiru bikote: Luis Txapartegi eta Kepa Peñagarikano, Xabier Zaldua eta Julen Aranberri Elorriaga II.a eta Joxean Etxeberria eta Unai Otaegi. Horiek hiru izaeratako 27na enbor ebaki zituzten, eta lanak gauzatzen azkarrenak Etxeberria eta Otaegi izan ziren (22:09). Bigarren, eta segundo baten aldearekin, berriz, Zaldua eta Elorriaga II.a sailkatu ziren(22:10), eta Txapartegi eta Peñagarikano hirugarren (24:31).

Aizkolariak nahiz harri jasotzaileak finalerdietara igaroko dira otsaila iristearekin, eta orain arte parte hartu duten kirolari guztiak ariko dira fase horretan; hain zuzen ere, hiru finalerdietako jardunaldi egingo dituzte, eta finala martxoaren 14an izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide