Olatua

Felix Zubia/Berria 2021eko urtarrilaren 17a

Olatu handiak Zarauzko itsas pasealekuan. (Loretxo Portularrume)

Felix Zubiak Olatua izeneko iritzi artikulua idatzi du Berria egunkarirako, Zarauzko hondartzako olatuak metafora gisa erabiliz, koronabirusaren pandemia azaltzeko.

Bada Zarautzen kontatzen dugun gertakizun bat, orain pasatzen ari zaiguna azaltzen duena. 10 bat urteko neska bat etorri omen zen Zarautza barrualdeko herri batetatik, bere lehengusinaren lehen jaunartzera. Itsasoa sekula ikusi gabea izanik, hondartzara joan omen zen, bakarrik, hura ikustera. Handik pixka batera, etxera blai iritsi omen zen, bere jai egunetako soinekoa erabat hondarrez beterik, olatu batek goitik behera guztiz bustirik. Bere amak esan omen zion: «Maritxu, zer egin dun?» Eta alabaren erantzuna: «Nik ezer ez, Ama. Geldi geldirik geratu naiz, eta bera etorri da gainera, nik ezer egin gabe».
 
Iruditzen zait horrelako zerbait egin dugula guk ere. Denok baikenekien okerraldia iritsiko zela, Gabon jaien inguruan izaten diren ohiturak direla-eta. Osasun adituek eta agintari guztiek aurreikusi zuten zerbait zen, eta, hala ere, gainean lehertzen ari zaigu. Europa guztian zehar, herrialde asko eta askotan ikusten ari gara nola ari diren kasuak igotzen, ospitaleratzeak hazten, eta heriotzak ugaritzen. Euskal Herrian ere, igoera nabarmena da, eta hurrengo egunetarako igoera handiagoa espero da, behin kopuruak gorako joeran hasten direnean, ondorengo hazkundea esponentziala izaten delako. Egun gogorrak datozkigu, ospitaleratze, zainketa intentsiboen unitateetako egonaldi eta heriotzei dagokienez.
 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide