Martin Murua: "Musika egiteko baliabide asko ez dela behar konturatu nintzen"

Dorleta Agiriano Lai 2021eko urtarrilaren 20a

(Utzitakoa)

Martin de Marte deitura hartuta ekin zion musika sortzeari Martin Muruak (Zarautz, 1992). Bi lan eman ditu argitara dagoeneko, Kaixo Lagun (2019) eta Red River Ride (2020), hainbat musika-tresna eskuan hartuta autoeditatutako diskoak biak. Egun, Muruak eta beste hiru kidek osatzen dute Martin de Marte taldea, eta oraindik emanaldirik eskaintzeko aukerarik izan ez badute ere, buru-belarri ari dira prestaketa lanetan. Muruarekin hitz egiteko aukera izan du HITZAk.

Gaztea izanagatik ere, musika urte luzez izan da zure bizitzaren parte. Zein izan zen musikarekin izan zenuen aurreneko kontaktua?

Entzule gisa izan nuen nire lehenengo kontaktua musikarekin. Autoan gindoazenean, aitak askotan jartzen zuen disko bat, The Police taldearen Ghost in the Machine, eta txikia nintzela, doinu horiek entzutea beste planeta batera bidaia egitea bezala zen niretzat. Esango nuke horixe izan zela musikarekiko nire pasioaren abiapuntua; batez ere, musika entzutea.

12 urte ingururekin izan nuen lehenengo harremana musika-instrumentuekin, eskolan, eta 13-14 urterekin elkartu ginen hainbat lagun musika egiteko asmoz. Dena den, ez genuen inoiz jendaurrean jo. Oroitzen dut eten moduko bat izan nuela gero musikari dagokionez, baina 18-19 urte nituela, lagun batek piztu zidan berriro gitarra jotzen hasteko gogoa. Serioago hasi nintzen orduan.

Zein izan ziren hurrengo urratsak?

Hainbat artista ezagutu nituen garai hartan, eta ikusi nuen haien kabuz egiten zutela musika; ez zen oso musika konplikatua, baina erakargarria zen aldi berean. Orduan sartu zitzaidan buruan, nolabait, musika sortzen hasteko ideia hori.

Kanadan izan nintzen gero, eta Steve Lacy artistaren berri izan nuen orduan. Asko gustatzen zitzaidan egiten zuen musika, eta jabetu nintzen iPhone baten bidez grabatzen zuela guztia. Konturatu nintzen, agian, ez dela beharrezkoa baliabide asko izatea musika egiteko. iPad baten bitartez musika sortzeari ekin nion orduan eta, azkenean, musika egin eta egin, disko bat osatzeko adina sortu nuen. Halaxe kaleratu nuen nire aurreneko lana, Kaixo Lagun.

Gitarraz gain, musika-tresna gehiago ere jotzen dituzu.

Bateria jotzen ikasteko eskolak eman nituen lehenengo diskoa kaleratu ondoren; pianoa jotzen ere hasi nintzen, bai eta baxua hartzen ere. 2019aren amaieran, abesti bat grabatzen saiatu nintzen, musika-instrumentu guztiak nik jota. Horrela sortu nuen Young Blood kantua, eta ikusi nuen posible zela. Orduan, esan nion nire buruari: "Zergatik ez dut modu horretan grabatuko lan bat datorren urtean?". Halaxe egin nuen, eta ekoizpenerako kontu teknikoak ikasten ere hasi nintzen. Horren guztiaren emaitza da nire bigarren lana, Red River Ride.

Musika bakarka egiteaz gain, baina, taldekako zenbait proiektutan ere hartu duzu parte zure ibilbidean.

19-20 urte nituenean sortu genuen Blue Beans taldea bost kidek, eta bost urte inguru egin genituen horretan, Martin de Marte proiektu modura agertu arte. Blue Beansi amaiera eman eta Martin de Marte modura osatu genuen talde berria. Lau kide gara orain, eta oraindik zuzeneko kontzerturik eman ez badugu ere, ahal bezainbeste ari gara prestatzen.

Zein asmo duzue hasi berri den urterako?

Ikusita Kutxa Kultur programan sartu garela, hori landuko dugu, eta oraindik garbi ez dagoen arren kontzertuak eskaintzeko aukerarik izango dugun edo ez, emanaldietarako entseatuko dugu. Bestalde, aukerarik badugu, lan berriren bat grabatzen saiatuko gara ziur aski. Ea zerbait interesgarria ateratzen den. Funtsean, aktibo egoten ahaleginduko gara, eta musika alde batera ez uzten.

Orain musika-munduan urrats berriak egiten ari zaretela, aurrera begira, nola ikusten duzu egoera?

Egia esan, nahiko beltz ikusten dut etorkizuneko musika-mundua. Niri, berez, ez zait erakargarria iruditzen musikaren industria, gainontzeko industriak bezalaxe. Oso iluna iruditzen zait murgildu garen mundu hori, baina egia da, gaur-gaurkoz nagoen puntuan, nire burua ikusten dudala behartuta hainbeste gustatzen ez zaizkidan gauza batzuk egitera, aurrera egin nahi badut.

Sortu dudan musika entzun duen jendeak feedback ona ematen didala ikusi dut, esaten didate egin dudana gustuko dutela, eta nik berez nahiko nuke ahalik eta jende gehienek entzutea nire musika. Orain arte, nolabait, egiteagatik egin dut musika, besterik gabe, gustatzen zaidalako eta gozatu egiten dudalako.

Berez uste dut okerrera egingo duela egoerak musika-munduan ere eta ez datorrela ezer onik, baina ni nahiko ezkorra nahiz berez, eta baikorra izan nahi dut. Heldu egin nahi diot ateratzen denari.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide