Pandemiaren ahotsak

Ibon Leunda: "Ez ditugu ateak itxita berez, baina, egiatan, ezin dugu ezer saldu"

Juan Luis Romatet-Dorleta Agiriano Lai 2021ko urt. 12a, 16:45

Ibon Leunda. (Utzitakoa)

Zarauzko B The Travel Brand bidaia-agentziako Ibon Leundarekin eta Zumaiako BQD agentziako Lore Urangarekin mintzatu da HITZA, pandemia dela-eta, sektorean bizi duten egoeraren inguruan. Azkeneko hilabeteak "gogorrak" izango direla diote, baina aurrera begira ere zail ikusten dute agertokia: "Ez gara berdinak izango hau pasa ondoren".

COVID-19aren agerpenetik, ohikoa izan da tokian tokiko gobernuek mugikortasuna mugatzeko neurri murriztaileak ezartzea. Aurreko urteko martxotik, beraz, mugarrituta egon dira sarrerak eta irteerak, unean une, mugikortasunaren gaineko debekuek eskala desberdina izan duten arren. Horrek guztiak, jakina, eragin zuzena izan du aisialdiari lotutako irteera eta bidaietan, bai eta horiek oinarri dituzten sektore ekonomikoetan ere.

Zarauzko B The Travel Brand bidaia-agentziako arduradun Ibon Leundak azaldu duenez, "praktikan", urtebete doaz "fakturatu gabe": "Udan egindako salmenta gutxi batzuk kenduta, martxotik ez dugu ezer fakturatu. Gainera, martxoan alarma egoera indarrean sartu zenean, bertan behera geratu ziren, esaterako, udari begira bezeroek egindako erreserbak. Hortaz, aurreko lau-bost hilabeteetan fakturatutako guztia ere itzuli behar izan genien bezeroei, aldi berean".

Bidaia-agentziak "bitartekariak" direla nabarmendu du Leundak, eta beraz, azkeneko hilabeteetan "lan izugarria" egin behar izan dutela erreserba horiek barne hartzen zuten zenbateko guztia "berreskuratzen", "bezeroei itzuli ahal izateko". "Oso gogorra izan da, eta oraindik ez dugu lortu, adibidez, hegazkin-agentzia guztiek dirua bueltatzea".

Galdera-ikurrak

Lore Uranga da Zumaiako BQD bidaia-agentziako arduraduna. 1992an hasi zen lanean turismo sektorean, eta gaur egunean bizi dugun egoeraren antzerakorik bizi izan ez duela dio. Bidaia agentzia horren kasuan, iazko fakturazioa aurreko urteko kopuruaren %10 izan dela azpimarratu, eta egoera zaila dela dio. "Aurreko urte bukaeran turismo azoka birtual batzuetan parte hartu genuen, eta garai hartan aurtengo Aste Santuan lanean egongo ginela aurreikusten zen. Ordutik beste olatu bat etorri zaigu, eta gaur egun udazkenean ditugu esperantzak jarrita", dio.

Bizi dugun osasun krisialdiaren eragina datozen urteotan nabariko dugula dio Urangak. "Ez gara berdinak izango hau pasa ondoren", dio. Azken hamarkadatan bidaiatzerako orduan izandako kontrolak eta eragozpenak "normaltzat" jotzen ditugula gogoratu du, eta pandemiaren ondoren beste neurri gehiago ezarriko direla damu da. Turismo sektorea normaltasun batera itzultzeko 2024. urtera arte zain egon behar dela uste du. "Hala dio, behintzat, sektoreko jende batek".

Bitartean, hutsune hau sektorea birplanteatzeko aprobetxa daitekeela uste du Urangak. "Herri batzuetan, Zumaia kasu, turismoagatik kritikak izan dira. Bisitaririk izango ez den garai hau aprobetxatu dezakegu herrian dauden gabeziak aztertu eta zertan hobetu dezakegun ikusteko". 

Geldirik, baina martxan

Leundak aurreikusi du bidaia-agentziek "ezingo dutela berriro lanean hasi datorren udara arte": "Horrek esan nahi du urte eta erdi baino gehiago egitea fakturatu gabe. Zenbait agentziak itxi egin behar izan dute, eta beste batzuek ezingo diote hainbeste denboraz eutsi. Guk orain ez ditugu ateak itxita berez, baina, egiatan, ezin dugu ezer saldu".

Hala ere, B The Travel Brandeko arduradunak dio "gastu finkoak ordaintzen jarraitu behar izan" dutela, hala nola, lokalen alokairua, eta "oso gutxienekoak" izan direla instituzio publikoek sektorera bideratutako dirulaguntzak eta bestelako baliabideak. "Asko hitz egiten da hainbat sektoreren inguruan, adibidez, ostalaritzaren inguruan, baina oso gogorra da beste sektore batzuetan bizi dugun egoera ere".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide