Beste 11 kasu baieztatu ditu Osakidetzak asteburuan Zarautzen

Juan Luis Romatet 2021ko urt. 11a, 13:37

Beste 11 positibo baieztatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Zarautzen ostiraletik igandera bitartean. Une honetan, 274,13ko intzidentzia tasarekin, eremu horia da Zarautz.

Itsasertzean bizi denak badaki olatu baten ondoren beste bat etortzen dela. Konparaketa pandemiara eramanda, izurritearen bigarren olatuaren ondoren, hirugarrena ate joka dela dirudi. Zarautzi dagokionez, 11 kasu izan dira asteburuan –hiru ostiralean, sei larunbatean eta bi igandean—. Gaur-gaurkoz 274,13koa da intzidentzia tasa; hala, eremu horia izaten jarraitzen du Zarautzek.

Urola Kostan, orotara, 74 positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ostiraletik igandera bitartean. Aizarnazabalek eman ditu datu kezkagarrienak. Hiru egun horietan beste 21 positibo baieztatu ditu Osakidetzak herrian: hamalau ostiralean, sei larunbatean eta bakarra igandean. Kontuan hartu behar da sei urtetik gorako herritarrei zuzendutako baheketa egin zela Aizarnazabalen pasa den astean, eta egindako probek azaleratu dituzte positibo horiek. 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako kasu metatuen tasak gora egin du beste behin ere, eta 9232,77an kokatzen zen atzo. Hala ere, jakina da herri txikietan positibo bakar batek sekulako aldaketa eragin dezakeela tasa honetan.

Hamalau positibo detektatu dituzte Zumaian hiru egun hauetan: zazpi ostiralean, bi larunbatean eta bost igandean. Kasu metatuen tasa 681,80ra igo da, eta eremu gorrian izango da herria denbora batean. Gipuzkoan beste lau herri bakarrik daude gorriz margotuta: Andoain, Beasain, Lazkao eta Villabona. Bihartik aurrera herriko ostalaritzako establezimenduek ateak itxi beharko dituzte, egoera bere onera bueltatu arte. 

Azpeitian ere ezingo dute lasai egon, asteburu honetan beste hamabi kasu ezagutu dituztelako: hiruna ostiralean eta larunbatean, eta beste sei igandean. Intzidentzia tasa 361,37an dute Azpeitian. Azkoitian, berriz, sei kasu izan dituzten asteburuan –bat ostiralean, hiru larunbatean eta bi igandean–, eta kasu metatuen tasa 225,32an dago.

Asteburuan bost positibo baieztatu dituzte Orion –bina ostiralean eta larunbatean, eta bat igandean–, hiru Getarian, hirurak ere ostiralean; eta bi kasu Aian, biak ostiralean. Beizaman, Errezilen eta Zestoan ez dute kasurik ezagutu egun horietan.

Hego Euskal Herri mailan ere ez daude kanpaiak jotzen hasteko moduan. Beste 693 positibo zenbatu zituzten atzo lau lurraldeetan: 67 Araban, 322 Bizkaian, 166 Gipuzkoan eta 132 Nafarroan. Lau lurralde hauetatik kanpo bizi diren beste bost pertsonak ere positibo eman dute.

Ospitaleratutakoei dagokionez, 129 lagun eraman dituzte Osakidetzako erietxeetara asteburuan zehar, eta ZIUn dauden lagunak 76 ziren atzo.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide