Zazpi kasu zenbatu dituzte Zarautzen azken orduetan

Ihintza Elustondo 2021ko urt. 5a, 13:40

Zazpi kasu zenbatu dituzte herrian egindako probetan, atzo baino hiru gehiago. Aizarnazabalen hamar izan dira zenbatutako kasuak; Eusko Jaurlaritzak baheketa masiboa egingo du herri horretan.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu ditu atzoko PCR eta antigeno proben emaitzak, eta zazpi positibo zenbatu dituzte Zarautzen egindako probetan. Azken datu horrekin, 192,74ra igo da intzidentzia tasa –171,33 zen atzo–. 

Urola Kostan, 26 positibo zenbatu dituzte guztira. Egoerarik okerrena Aizarnazabalen dute: hamar positibo zenbatu dituzte herri horretan, eta, gaur-gaurkoz, 5.981,79ko intzidentzia tasa dute. Hori horrela, Osakidetzak erabaki du baheketa masiboa egitea Aizarnazabalen.

Eskualdeko gainontzeko herrietan ez da halako egoera kezkagarririk, atzoko datuei erreparatuta. Dena dela, atzeman zituzten positibo batzuk zenbait herritan. Azpeitian, lau positibo zenbatu zituzten, eta pixka bat igo da intzidentzia tasa; 433,64koa zen atzo, eta 407,36koa herenegun. Zumaian, hiru kasu atzeman zituzten atzo, eta 264,58ko intzidentzia tasa dute. Azkoitian eta Orion, berriz, positibo bana baieztatu zuten; Azkoitian 242,01eko intzidentzia tasa dute, eta 114,16koa Orion.

Bestalde, Aian, Beizaman, Errezilen, Getarian eta Zestoan ez dute kasu positiborik zenbatu. Dena dela, intzidentzia tasak altua izaten jarraitzen du Errezilen: zehazki, 966,18koa da.

Hego Euskal Herrian, positiboen gorakada

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 6.781 antigeno eta PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 480k eman zuten emaitza positiboa –astelehenean baino 118 gehiagok–: 82 kasu zenbatu zituzten Araban, 228 Bizkaian, 169 Gipuzkoan eta bat hiru lurralde horietatik kanpo. Gaur-gaurkoz, positibotasun tasa %7,1ekoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Atzo, 43 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren zentroetan, eta uneotan 277 lagun daude Osakidetzaren zentroetan; horietatik 77 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan, bestalde, 147 positibo zenbatu zituzten atzo, herenegun baino 59 kasu gehiago; azaroaren 27az geroztik atzeman duten zifrarik altuena da hori. Positibotasun tasa %6,5ean dago lurralde horretan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide