Ilarak eragin ditu Txu-txu trenak

Onintza Lete Arrieta 2021eko urtarrilaren 3a

"Jende dezente dabil" atzo eta gaur herrian ibilbide luzea egiten ari den Txu-txu trenean, bertako gidariak azaldu duenez. Udalak 2021eko lehen astebururako ekarri du trena, eta doakoa da buelta egitea. Probatu nahi duenak gaur arratsaldean du azken aukera, 16:30etik 19:30era.

Udaletxe aurretik irten, Azken Portura joan, handik Ertzainetako parean errepide nagusira atera, Parrokiaraino segi, eta berriz udaletxe aurrera egiten du ibilbidea Txu-txu trenak. Doan da, "Gabonetan beti hala izaten da", azaldu du gidariak. Ilara zegoen trenera igotzeko gaur 11:30ean. Orduan hasi da zerbitzua, eta 13:30ean amaitu goizeko partea. Arratsaldean, 16:30etik 19:30era ibiliko da herrian batera eta bestera.

"Jende dezente dabil, eta pandemiagatik eserleku erdiak bakarrik bete daitezkeenez, ilaran itxaron behar", esan du trenaren gidariak. Berez 72 eserleku ditu, baina erdiak hutsik utzi behar izan dituzte. Sartzerako, berriz, gela ematen diete herritar guztiei. Umeekin gerturatu dira asko gaur goizean.

Astebururako antolatu du zerbitzua udalak, eta gaur amaituko da, beraz, trenean ibiltzeko aukera. 19:30ean trenera igo ezinik jende asko gelditzen al den galdetuta, txoferrak irribarre egin du: "20:00etan amaitu genuen atzo".

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide