138 positibo berri Gipuzkoan azken orduetan

Onintza Lete Arrieta 2021ko urt. 3a, 14:09

5.810 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Hego Euskal Herrian, eta 436 positibo zenbatu zituzten. Nafarroan %8tik %6,8ra jaitsi da PCR eta antigeno probetan positibo emandako herritarren ehunekoa herenegundik atzora. Beste hiru lurraldeetan, berriz, %7,3tik %7,7ra igo da. 138 positibo zenbatu zituzten atzo Gipuzkoan, eta 95 izan ziren herenegun.

5.810 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroan, eta aurreneko hiru lurraldeetan 370 positibo zenbatu zituzten (%7,7) eta Nafarroan, berriz, 66 (%6,8). Azken lurralde horretan behera egin du positibotasunak azken orduetan, %8tik %6,8ra. Beste hiru lurraldeetan, berriz, goraka jarraitzen du, herenegun positibotasuna %7,3koa baitzen. Azken sei egunetan goraka doa etengabe (%6 zen orduan).

Lurraldeei dagokienez, 72 positibo zenbatu zituzten atzo Araban, 152 Bizkaian, 138 Gipuzkoan, beste erkidego batzuetako 8 kasu, eta Nafarroan, esan bezala, 66 kasu.

Herenegun antzeko proba kopurua egin zuten lau lurraldeetan, 5.426 proba guztira. Orduan 80 positibo atzeman zituzten Araban, 119 Bizkaian, 95 Gipuzkoan eta beste erkidego batzuetako 8 kasu ere zenbatu zituzten. Nafarroan 103 izan ziren positiboak, atzokoaren aldean asko.

Osakidetzak bihar emango ditu herriz herrikako azken egunetako datuak. Ikusteko dago Zarautzen zenbatekoa den intzidentzia metatuaren tasa. Eskualdean, Azpeitian eta Aizarnazabalen daude itxita oraingoz ostalaritza establezimenduak, eta Aizarnazabalen, baita udal eraikin eta zerbitzu batzuk ere, udalaren erabakiz.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVID-19aren ondorioz 28 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzako zentroetan, eta COVID-19a duten 79 pertsona daude ZIUn ingresatuta.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide