Sei lagun gehienez eta 00:30erako etxean urteari agur esateko

Onintza Lete Arrieta 2020ko abe. 31a, 08:01

Urtezahar gaua iritsi da, eta Eusko Jaurlaritzaren Labi batzordeak ezarritako neurriak gogoraraztea komeni da. Etxeratze aginduaz eta gehienez elkar daitezkeen pertsona kopuru mugaz gain, merkataritza eta ostalaritza establezimenduek ere badituzte mugak:18:00etan itxi beharko dituzte ateak gaur, abenduak 31 eta bihar, urtarrilak 1, jende pilaketak saihesteko.

Abenduak 31 ditu gaur, badoa beste urte bat eta, urtero legez, Urtezahar gaua ospatzeko unea iritsi da. COVID-19a kontrolatzeko, ordea, indarrean diraute neurri murriztaileek. Eusko Jaurlaritzako Labi batzordeak abenduaren 22an jakinarazi zituen neurriok, eta ez dator gaizki gogoraraztea: etxeratze agindua dago 00:30erako, eta gehienez sei pertsona elkartu ahalko dira gaur gaueko afarian eta biharko bazkarian. Urtezahar eta Urteberri eguneko ospakizunetan jende pilaketak saihestu nahi dira, eta horregatik, merkataritza eta ostalaritza establezimenduek ere 18:00etan itxi beharko dituzte ateak gaur eta bihar.

Hauek dira Gabonetarako ezarritako neurri nagusiak:

  • Abenduaren 24tik 25erako eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gauetan, 00:30era aurreratu dute zirkulazio-muga edo etxeratze agindua.
  • Gabonetako otorduetan gehienez hamar lagun elkartu ahalko dira, baina muga hori sei lagunera jaitsi dute Urtezaharretarako.

  • Abenduaren 31tik urtarrilaren 1era mugatu dute konfinamendu perimetrala altxatzea Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta ez abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, aurreko dekretuan jaso zuten bezala.

  • Taberna, jatetxe. denda eta merkataritza gune guztiak –farmaziak eta gasolindegiak salbu– 18:00etan itxi beharko dituzte abenduaren 24an, 25ean eta 31n, eta urtarrilaren 1ean, 5ean eta 6an. Gainera, abenduaren 25ean, urtarrilaren 1ean eta 6an, ostalaritza eta merkataritza establezimenduak ezingo dira 09:00ak baino lehen ireki.

  • Debekatuta egongo da kotilioiak eta otorduak egitea hoteletan, landetxeetan, kanpinetan edota antzeko establezimenduetan, Urtezahar, Urteberri, Errege bezpera eta Errege egunetan. Kanpinetan, gainera, ezingo dute bezero berririk hartu abenduaren 30etik urtarrilaren 2ra, abenduaren 28rako bertan ostatu hartuta ez badaude.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide