Azken orduetan hamabost kasu atzeman dituzte PCR eta antigeno probetan Urola Kostan, gehienak Zarautzen: sei kasu berri. Azken bost egunetan, hamasei kasu denera. Hala ere, intzidentzia tasa metatua baxu samar mantentzen da oraindik, 197,42 baita (500 da marra gorria).
Eskualdeko gainerako herriei dagokienez, Azpeitiak bere horretan jarraitzen du eguneroko kasu kopuruari dagokionez, beste lau kasu atzeman baitituzte. Intzidentzia tasa metatua 551,31koa da Azpeitian, eta beraz, itxita jarraituko du ostalaritzak herri horretan. Aizarnazabalen, berriz, hiru kasu zenbatu dituzte. Astebeteko epean bederatzi izan dira herri horretan atzemandako kasuak.
Azkoitian ez dute kasu berririk atzeman gaur kaleratutako txostenaren arabera, eta eremu gorritik laranjara igaro denez, tabernak eta jatetxeak zabaltzeko aukera izango dute. Zestoan, Orion, Errezilen, Beizaman eta Aian ere ez dute positibo berririk zenbatu.
Zumaian eta Getarian, berriz, kasu bana detektatu dute. Hala ere, datuen bilakaera ona dela esan daiteke, aurreko bost egunean ez baitute positiborik atzeman bi herri horietan.
Positibotasun tasa behera
Guztira, 6.606 PCR eta antigeno proba egin dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 347 pertsonak eman zuten positibo. Bizkaian 150 izan dira zenbatutako kasuak, Gipuzkoan 130, eta Araban 62. Hiru lurralde horietan 32 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 81 gaixo daude ZIUetan.