Gutuna: Agur ama...

Zarauzko Hitza 2020ko abenduaren 28a

Maite Arrutik honako gutun hunkigarria bidali zuen Zarauzkohitza.eus atarira abenduaren 26an.

"Gerra garaian atera zenuen burua mundu honetara. Haurdun gelditutako amamak ezkutatu egin
zintuen baserrian, inork zure berri izan ez zezan. Garaiko moral hertsiak eragindako irtenbide
gogorra izan zen, nazionalek indarrean eraman zutenean sabelean zeraman haurraren aita.
Urtebete argi-izpirik ikusi gabe, aitaita gerratik itzuli eta amamarekin ezkondu zen arte.
Urtebete gutxiago zure nortasun agirian.

Hamar urterekin bidaltzen omen zintuzteten astoz, esnea saltzera Zumaiara, beldurrez, bidean
galduko ote zinen. Amamaren hitzek nekez eskaintzen zizuten lasaitasunik: "astoak badaki,
bertaraino eramango zaitu".

Gogoan ditut ahizpa medikuarengana eramatera nola joaten zinen Madrilera, gaztelaniaz bi
hitz jakin gabe, langostinoa eta matxinsaltoa bereizi ezinik, inoiz semafororik ikusi gabe.
Oroitzen naiz veraneanteak etxera ekartzen zenituen garai haietaz, eta, haiei tokia egite
arren, nola egiten genuen lo sukaldeko lurrean, bi sos ateratzeko. Ez ditut ahaztu La hoja del
Lunes orriarekin egindako kukurutxoetan etxean frijitutako patatak, zinean dirurik gasta ez
genezan. Oroimenera datozkit gure seme-alabak zaintzen eman zenituen egun eta gauak,
sukaldean pasatako orduak, flota pastillarekin kendutako belaunetako orbanak...

Eta ezin burutik kendu zu zaindu ezinik galdutako lan-arratsalde antzuak...

Zarauzko alabatzat zenuen zure burua. Mondragonesera neskame iritsi zinenean hasi zinen
erroak botatzen, Arroa Errekako Errementariko dama. Baina kaletarrentzat baserritar izan
zinen, eta baserritarrentzat, berriz, kaletar; ez zenuen inoiz zure tokia aurkitu. Ezin etsi ordea.
Patuak zigortutako arrutitarren pisua hartu zenuen zuregain, bizitzaren trenbidean sartu
zitzaten gurpil-ildoak, noraezean zebilen familiako jarduna tolestatzeko, onbidearen nahia
lisatzeko, esperantzaren olio-lanparari distira atera arte.

Etxeko lanak egin ondoren egin diguzu adio, Olentzerotako aginaldoa banatzea ahaztu gabe,
inoiz ezagututako Gabon gau tristeenean. Gogoaren apalategiak beteta utzi dizkiguzu
oinordetzan, altxorrez gainezka: borondatea, umiltasuna, zakuka bat harilko, puntua egiteko
orratzak, eta maitasuna erruz. Garratza izan zenuen bizia. Azukre-koxkorrez betetako
erretiluekin hartuko ote zaituzte zeruan.

Bi hots ditu bular-kaiolan gordetako organoak. Kolpeka kantatzen ditu taupadak, itsatsirik
dituen bi silabak abesten, behin eta berriz, kadentzia perfektuan:

A...ma........... zuk emana baita hori ere.

Hortxe zaramatzat, ama, ez inoiz ahaztu".

Maite Arruti Arakistain. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide