Bertso sorta: 'Alegiak' (3)

Zarauzko Hitza 2020ko abenduaren 22a

Inaxio Uria Isasti-k Alegiak bertso sortaren hirugarren zatia helarazi dio ZARAUZKO HITZAri. Honakoak ere Kopla handia doinuan kantatzekoak dira.

-1-

Bikote hobezin izatea
ez da arazo gabea
Zeren arazoak gainditzeko
elkartzea da klabea

-2-

Ekintza baten maila kaskarra
nabari da zuzenean
memelo jendeak etengabe
txalokatzen dutenean

-3-

Pertsona batzuk ahots larria
erabiliaz astiro
beren esanak garrantzitsutzat
saltzen dituzte sarriro

-4-

Poza hunkigarri izaten da
Une batez atsegina
Sarri zoriontzat hartzen dugu
ta ez da gauza berdina

-5-

Arropa gutxi ta kotxerik ez
Lotsa sortzen dizu sarri
Zu ez zarena azaldu nahia
hori baita lotsagarri

-6-

Zuk erruak onartu apalik
ta beraietaz ikasi
Ondoren zure heldutasunez
bidea zuzentzen hasi

-7-

Txanponak zaratatsuak dira
Bai, txartelak ez bezala
Zure balioen gorakadan
izan isil ta apala

-8-

Zahartzaro luzean sekretuak
dira, erdia jatea
Ibilaldiak bikoiztu eta
barrea hirukoiztea

-9-

Norbait iraintzen duzun unean
zuk horman iltze bat sartu
Behin damutuz atera ondoren
hutsegiteaz ohartu

-10-

Zure kalteen errudun gisa
inor salatu baino lehen
ispiluari soaz galdetu
zuk sortua ez ote den

-11-

Hitzen bitartez ezin baduzu
gauza bat ulertarazi
ekintza duzu hautabidea
Bere bidez irakatsi

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide