Hainbat udal eraikinen teilatuak konpontzen ari da udala

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abenduaren 21a

(Zarauzko Udala)

Behin Photomuseumeko lanak amaituta, hilerriko eta Portu Etxeko teilatuak konpontzeari ekingo diote.

Udal ondare diren hainbat eraikinetako teilatuak konpontzen ari da udala. Duela hilabete amaitu zuten Photomuseum eraikineko tilatua konpontzeko obra (USC75 Obras y Mantenimiento enpresak egin du 38.599 euroan), eta laster Portu Etxen (udaletxe zaharra) eta hilerrian konponketak egitea aurreikusten dute.

Irune Urbieta Kultura zinegotziak ohar bidez jakinarazi duenez, guztira, 101.500 euro bideratu dituzte "behar-beharrezko diren konponketa lanetara". Portu Etxeko teilatua konpontzeko lanak Tejados y Fachadas Ventiladas TAPAR enpresak egingo ditu 38.117 euroan (BEZ barne), eta urte bukaeran hasi eta urtarrilaren amaieran bukatzea aurreikusten dute. Hilerriari dagokionez, gaur hasiko dira bertako teilatua konpontzeko lanak eta ostegunerako amaituko dituztela espero dute. Azken lan hori Tejados y Cubiertas Goñi enpresari esleitu zaio, 20.616 euroan. Enpresa berak eraberrituko du Sanz Enearen parean, Nafarroa kalean dagoen arbelezko markesina, 4.148 euroan. 

Dagoeneko esleituta dauden obrez gain, udalak jakitera eman du datorren urtearen hasieran Sanz Enea liburutegiaren arbelezko teilatua konpontzeko inbertsio partida bideratuko dutela. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide