Zabalik dago Dortoka mailako igeriketa ikastaroko bigarren hiruhilekoan izena emateko epea

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abenduaren 21a

Aritzbatalde kiroldegiko igerilekuen gunea. (Zarauzko Udala)

Indarrean diren neurriak tarteko, Dortoka mailako ikastaroak soilik daude martxan. Gaurtik aurrera eman daiteke izena 6 urtez azpiko haurren igeriketa ikastarorako.

COVID-19a hedatzea saihesteko hartutako azken neurriak direla eta, ezin izan dute igeriketa ikastaroekin jarraitu 6 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeek. Bai, ordea, 6 urtez azpikoek; zehazki, Dortoka mailakoek. Edukiera mugatuarekin egin dituzte ikastaro horiek, zortzi ikasleko taldeetan, eta kale-erdi bakoitzean aldi berean lau ikaslerekin. Ahalik eta haur gehienen parte hartzea bermatzeko, hamar talde osatu dituzte eta bakoitzak saio bat izan du astean. Guztira, Dortoka mailako 80 haur aritu dira ikastaroan ikasturtearen lehen hiruhilekoan.

Gaurtik aurrera zabalik egongo da bigarren hiruhilekorako izen ematea. Dortoka mailan parte hartzeko interesa duten 6 urtez azpiko haurrek, beraz, aukera izango dute abenduaren 27ra bitartean ikastaroan izena emateko. Horretarako, Aritzbatalde kiroldegiko harrerara jo daiteke, 943-00 51 23 telefono zenbakira deitu, edo kirola@zarautz.eus helbidera mezu bat bidali. Izena eman duten haurren artean zozketa bidez erabakiko dira ikastaroan parte hartuko dutenak, eta emaitzak abenduaren 28an jarriko dituzte ikusgai udalaren webgunean eta kiroldegiko panelean. Plaza libreak geratzen badira, abenduaren 29tik uatarrilaren 5era bitartean izena emateko bigarren aukera egongo da, eta zozketa horren emaitzak urtarrilaren 7an jakinaraziko dituzte. 

Amaitzeko, jakitera eman du udaleko Kirol Sailak, dena ondo bidean, urtarrilaren 8tik martxoaren 26ra bitartean izango dela bigarren hiruhilekoa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide