Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur, astelehena, kaleratu du azken hiru egunetako kasu positiboen berri ematen duen txostena, eta han jakinarazi duenez Zarautzen 11 positibo baieztatu dituzte asteburuan. Sei kasu atzeman zituzten atzoko probetan, hiru larunbatean eta bi ostiralean. Hortaz, Zarautz eremu laranja da oraindik. Azkeneko 11 kasuak zenbatuta 321,87koa da azken hamalau egunetako intzidentzia tasa; behera egin du, beraz, tasak, ostiralean 339,04koa zen eta.
Urola Kosta eskualdean, orotara, 54 kasu detektatu dituzte iragan asteburuan; aurreko astetik beherakada nabarmena izan du positibo berrien kopuruak eskualdean, izan ere 83 kasu jakinarazi zituzten lehengo astelehenean.
Azkoitian zenbatu dituzte positibo gehien: hemeretzi guztira. Intzidentzia tasa 425,39raino igo da, eta Eusko Jaurlaritzak ostalaritza guneak ixteko ezarritako 500eko langa gertu dago han. Ostegunera arte, gutxienez, irekita mantenduko dira jatetxeak eta tabernak Azkoitian, baina datuak ostegunean berrikusi eta Azkoitia eremu gorria izatera pasatzen bada, ostalaritza guneak itxiaraziko dituzte. Azpeitian, berriz, hamabost kasu hauteman dituzte. Eremu gorria izaten jarraitzen du Azpeitiak. Azken hamabost kasuekin zertxobait gora egin du han intzidentzia tasak; 757,22koa da zenbatekoa.
Orion, aldiz, lau kasu zenbatu dituzte, eta han ere intzidentzia tasak gora egin du, 230,98ra. Zumaian, ostera, kasu bakarra atzeman dute eta tasak beheranzko joera hartu du, 162,85ko zenbatekora iritsiz. Aian eta Zestoan baieztatu dituzte eskualdeko gainontzeko lau kasuak; bi herrietan bi kasu detektatu dituzte, biak atzoko probetan. Eskualdeko gainerako herrietan ez da kasu positiborik izan.
400 positibo azpitik
Kasu positiboek Hego Euskal Herrian zertxobait gora egin dute oro har, 397 kasu positibo zenbatu baitzituzten atzo, igandea. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 5.484 PCR proba edo antigento test egin zituzten atzokoan, eta 339 positibo baieztatu zituzten. Lurraldeen arabera, 88 kasu zenbatu zituzten Araban, 118 Bizkaian eta 129 Gipuzkoan; hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren lau lagunen positiboak ere zenbatu dituzte, ordea. Nafarroan, aldiz 58 positiboren berri eman dute gaur; 975 proba egin zituzten han.
Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Hogei pertsona ospitaleratu ziren atzo eta gaur-gaurkoz 317 lagun daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erietxeetan ospitaleratuta; horietatik 97 daude ZIUn edo zainketa berezietan. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea ere azken egunetan bezala mantentzen da; 0,89koa da zenbatekoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere tasa horren kopuru altuena Gipuzkoakoa da, 0,93koa baita gaixotasunaren oinarrizko birsortzeko tasa.