Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak egunero argitaratzen duen koronabirusaren datuen txostenaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 300 kasu zenbatu zituzten, eta herenegun 423 izan ziren atzemandako positiboak. Kasu positiboen kopuruak behera egin duen arren, positibotasun tasaren ehunekoa 3koa izaten jarraitzen du. Guztira, Osakidetzak 10.102 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo, herenegun baino 2.804 proba gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun 3,3koa izan zen positiboen ehunekoa; 3koa zen atzo. Ondorioz, herenegundik atzora pixka bat jaitsi da tasa hori.
Lurraldearen arabera, Bizkaian atzeman zituzten atzo kasu gehien: 126. Gipuzkoan, berriz, 126 herritarrek eman zuten positibo, eta Araban, 60k. Bizitokia lurralde horietatik kanpo duten beste bi lagunek ere eman zuten positibo atzo egindako probetan. Jaurlaritzaren Osasun Sailak herriz herriko datuak ez ditu jakinarazten asteburuetan, beraz, bihar arte itxaron beharko da datu horiek jakiteko.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Osasun Sailak argitaratutako datuen arabera, atzo 26 pertsona ospitaleratu zituen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan COVID-19aren ondorioz. Zainketa Intentsiboen Unitatean, berriz, 98 pertsona daude, herenegun baino bi gutxiago.
Nafarroako Gobernuko Osasunbideak azaldutako datuen arabera, berriz, Nafarroan 72 kasu atzeman zituzten atzo. 1.808 proba egin zituzten atzo lurralde horretan.