Osasun Sailak argitara atera ditu joan den asteburuko datuak, eta nabarmena izan da igoera atzemandako positiboen kopuruan. Zarautzen 24 emaitza positibo izan dira asteburuan: bost ostiralean, hamalau larunbatean eta beste bost igandean. Hortaz, kolorez aldatu da semaforoa: 360,50eko positibotasun tasarekin, Zarautz. eremu laranjan sartu da berriz. Osteguneko datuekin, 442,04koa zen zenbatekoa, eta eremu horian zegoen.
Urola Kostan, orotara, 83 lagunek eman dute positibo ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno probetan. Aurreko asteburuan 35 izan ziren, 48 gutxiago.
Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien: 33 Azpeitian –hamahiru ostiralean, hamazazpi larunbatean eta hiru igandean–. 571,24ko intzidentzia tasa metatuarekin, eremu gorrira igaro da Azpeitia –ostegunean atzemandako hamaika kasu berriekin, 405,18koa zen tasa–. Hortaz, Eusko Jaurlaritzak aurreko astean indarrean sartutako neurri eta irizpide berrien arabera, Azpeitiko ostalaritza lokalek ateak itxi beharko dituzte berriz, 500eko langa gainditu baitu herriko positibotasun tasak.
Azkoitian ere izan da igoera baieztatutako kasuen kopuruan: hamaika positibo detektatu dituzte –bost ostiralean, hiru larunbatean eta hiru igandean–, eta 266,91ko intzidentzia tasarekin, eremu horian dago une honetan. Dena den, ez da kolore hori piztuta duen eskualdeko herri bakarra: Orion bost positibo atzeman dituzte asteburuan eta eremu horira igaro da, eta berdin gertatu da Zumaian, ostiraletik igandera bitartean zenbatutako lau kasu berriekin.
Zestoan bi lagunek eman dute positibo asteburuan, eta batek Getarian. Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, aldiz, ez dute kasu bat bera ere atzeman.
Kasuek gora Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Koronabirusa hautemateko 21.975 proba egin dituzte asteburuan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko asteburuko datuekin alderatuta, lurralde historiko guztietan egin dute gora zenbatutako kasu positiboek: 296 izan dira Araban, 658 Bizkaian eta 473 Gipuzkoan. Dena den, ostiraletik igandera artean jaitsi egin da hiru lurraldeei dagokien positibotasun tasa: %7,2koa izan zen ostiralean, %6koa larunbatean eta %6,1ekoa igandean.