Atzo, larunbata, Musika Plazara gerturatu ziren herritarrek ezustekoa hartu zuten, artisautzako lau postu egon baitziren zabalik 11:00etatik aurrera. "Nahia elkarteak Erdi Aroko Azoka aprobetxatzen zuen bere postuak jartzeko, baina aurten ez dutenez antolatu, jendea deika geneukan, badirelako herritarrak urtero Gabonetako opariak artisauei erosten dizkietenak. Hala, pentsatu genuen udalari baimena eskatzea postuak jarri ahal izateko Zarauzko artisauok", azaldu du Olaia Landa artisauak.
Lau artisau animatu dira hiru larunbatetan Musika Plazan egoteko. Atzo jarri zituzten postuak aurreneko aldiz, eta beste bi hitzorduak abenduaren 19an eta urtarrilaren 2an izango dira. 11:00ak aldera zabalduko dituzte postuak, eta 20:00etara arte bertan egongo dira.
Sonia Mosqueraren postuan haurrentzako osagarriak aurki daitezke, Marije Esnal eta Olaia Landarenean oihalgintza produktuak, eta Cristina Zacchik esmaltearekin egindako bitxiak ditu.
Artistak, Merkatu Plazan
Bestalde, urtarrilaren 6ra arte zabalik dago Nahia elkarteko artisten erakusketa kolektiboa Merkatu Plazako lehenengo solairuan. Margolanak nahiz eskulturak aurkeztu dituzte, eta guztira 20 obra daude ikusgai.
Herritarrek egunero aurkituko dute zabalik, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara; eta larunbatetan, igandeetan eta jaiegunetan, berriz, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.