Urtero errefuxiatuei laguntzeko asmoarekin egiten du Gabonetako azoka Hotz-Zarautz elkarteak, eta herritarrengandik arropa eta bigarren eskuko era guztietako artikuluak jasotzen ditu. Aurten, COVID-19a dela eta, "gure azoka ez da beste urte batzuetakoa bezalakoa izango, segurtasun eta higiene arrazoiengatik". Alternatiba azkar aurkitu dute azoka egiteko, ordea. "Donostiako arropa denda batek hainbat beroki oparitu zizkigun lokala itxi behar zutela eta. Hala, erabaki dugu beroki horiek altzariren batekin batera salgai jartzea, beren egoeragatik inoiz baino okerrago pasatzen ari diren pertsona errefuxiatuei laguntzeko, urtero bezala".
Denda Ipar kalean dagoela jakinarazi dute, Aizpurua gozotegiaren ondoan, eta abenduaren 18tik urtarrilaren 5era egongo da irekita, goizez 11:00etatik 13:30era eta arratsaldez 17:00etatik 20:00etara.
Laguntzeko beste bi modu ere bai
Azokan zerbait erosteaz gain, herritarrek beste bi modutara ere lagundu ahalko diote elkarteari. Batetik, etxean egon daitezkeen pesetak emanda. "Espainiako Bankuan pesetak eurotara alda daitezke –txanponak nahiz billeteak– 2021eko ekainaren 30 baino lehen. Pesetak dohaintza moduan eman nahi badituzte herritarrek, dendan jasoko ditugu, pertsona errefuxiatuak laguntzeko proiektuetara bideratzeko", azaldu dute.
Bestetik, dohaintzak Nafarroako Rural Kutxan ere egin ditzakete herritarrek. Honakoa da Hotz-Zarautzen kontu korronte zenbakia: ES73 3008 0181 3437 9030 5027.
Hainbat ekintza aurten
Urtero hainbat ekintza egiten ditu herrian bertan Hotz-Zarautzek. Esaterako, hilabete honen hasieran, V. Txokolatada Solidarioa egin zuten La Perla kafetegian.
Urrian, Zaporeak elkartearekin batera, Moriako errefuxiatuei laguntzeko janari bilketa egin zuten, eta 7.000 kilo jaso zituzten zarauztarrengandik.
Urte hasieran ere egin zuten ekintzarik. Otsailean, manta bilketa kanpaina egin zuten, eta 910 manta lortu zituzten errefuxiatuentzat.