Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguneroko txostena kaleratu du gaur ere, baina asteburuetan egin ohi duen bezala, ez ditu herriz herri atzeman dituzten positiboak jakinarazi. Astelehenean jakinaraziko ditu berriz herrikako datuak, ostiraleko, larunbateko eta igandeko kasuen berri emateko.
Herenegun, berriz, 703 kasu zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian, atzo baino 33 kasu gehiago. Izan ere, Osakidetzak 8.783 PCR eta antigeno proba egin zituen atzo, ostirala, eta 636 kasu positibo atzeman zituela jakinarazi du gaur, larunbata; positibotasun tasa, beraz, %7,2koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan, bestalde, 2.071 PCR eta antigeno test egin zituzten atzokoan, eta 100 kasu atzeman. Lurralde horretan 100 kasuren bueltan dabiltza azken egunotan positibo berrien agerraldiak. Positibotasun tasa, berriz, %4,8an kokatu da gaur han.
Joan den ostiralean egindako proba kopurua handitu egin zuen atzo Osasun Sailak, eta kasu positiboen kopuruak ere gora egin du astebeteren ondoren. Joan zen ostiralean 520 lagunek eman zuten positibo; atzo, berriz, 116 pertsona gehiagok. Lurraldeen arabera, 129 kasu zenbatu dituzte Araban, 295 Bizkaian, 209 Gipuzkoan. Hiru lurraldeetan egin dute gora positiboen agerraldiek. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizitokia duten hiru lagunek ere eman dute positibo.
Ospitaleen egoerari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, “COVID-19aren ondorioz” 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira joan den ostiraletik, 33 ospitaleratu baitzituzten joan den astean. “COVID-19a” dutelakoan, 112 pertsona daude Zainketa Intentsiboen Unitatean; ZIUn dauden pertsonek kopuruak, berriz, behera egin du zerbait, 130 lagun baitzeuden duela astebete.