Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman dituen datuekin, agerraldi kopuruak gora egin du berriz ere Zarautzen. Azkeneko zazpi egunetan ez du gainditu zazpiko langa, baina oraingoan bikoiztu ere egin du kopuru hori: atzo egindako PCR eta antigeno probetan hamabost lagunek eman dute positibo, duela astebete baino hamaika gehiagok. Azaroaren 10etik erregistratu den zenbatekorik altuena da atzokoa.
Hala, azkeneko datuak kontuan hartuta, gora egin du berriz Zarauzko positibotasun tasak: 274,67koa zen intzidentzia tasa atzo, eta gaur 296,12koa. Tasa 360,50ekoa zen duela astebete, eta 442,04koa duela bi aste. Une honetan, eremu horian dago Zarautz.
Orokorrean gora egin du agerraldi kopuruak Urola Kostan. Azken egunetako datuekin eskualdea egonkortzen ari zela bazirudien ere, beste 34 kasu positibo zenbatu zituzten atzo. Joan den asteko ostegunean egindako testetan hamasei positibo zenbatu zituzten. Datu horrekin eta azken egunetako agerraldiekin alderatuta, kasuak bikoiztu egin dira eskualdean.
Atzo Zarautz izan zen kasu gehien zenbatu zituzten eskualdeko herria, eta haren atzetik dago Azpeitia, hamalau kasurekin. Intzidentzia tasan igoera nabarmena izan dute han, izan ere 365,33ko tasarekin eremu laranja zen Azpeitia atzo. 500eko langa horretara gehiago hurbildu da, eta gaur 438,39koa da tasa.
Kasu kopuru gehien aurkitu dituzten bi herri horien ondoren, Getarian bi kasu zenbatu dituzte, eta bana Azkoitian, Zestoan eta Zumaian. Intzidentzia tasari lotuta, gainera, azpimarratu daiteke gora egin duela zenbatekoak, Zarautzen eta Azpeitian bezala, Zumaian ere. Hala eta guztiz ere, ez da igoera esanguratsua izan. Azkoitian eta Orion, berriz, tasak behera egin du.
Kasuak gora
Hego Euskal Herrian, berriz, kasuek gora egin dute berriz ere. Guztira 703 kasu zenbatu dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan atzo 10.656 test diagnostiko egin zituzten, eta, haietatik, 597 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 122 kasu hauteman dituzte Araban, 230 Bizkaian, 243 Gipuzkoan; gora egin dute, beraz, kasuek Gipuzkoan. Hala eta guztiz ere, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bi laguni ere detektatu diote positiboa. Nafarroan, aldiz, 1.909 proba egin zituzten, eta horietatik 106 positibo baieztatu dituzte.
Ospitaleen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. “COVID-19aren ondorioz” 65 pertsona ospitaleratu ziren atzo. 406 pertsona daude, gainera, Araba, Bizkai edo Gipuzkoako erietxeren batean ospitaleratuta. Zainketa Intentsiboen Unitatean (Ziu), 117 pertsona daude. Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere gora egin du hiru lurraldeetan, eta 0,91koa da tasa gaur; Gipuzkoan ere gora egin du, 0,87an kokatzeraino. Nafarroan, berriz, 161 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 21 ZIUn daude.