Zarauzko 7.000 zuhaitz aztertu ditu Teknigral hiri-zuhaitzen diagnostikoan espezializatutako enpresak. Sustraietan eta enborretan gaitzak eta onddoak dituzten hainbat zuhaitz atzeman dituzte hala, eta erortzeko arriskuan egon daitezkeelakoan, horiek moztu eta kentzeari ekin diote jada, udalaren aginduz. Neguan zehar egingo dituzte lanak, eta beste zuhaitz osasuntsu batzuk landatuko dituzte leku berdinetan.
"Ibilgailu eta oinezkoei" herriko zenbait puntutan mugikortasunerako "zailtasunak sortzen" ari zaizkien hainbat zuhaitz ere kenduko dituzte.
Bestalde, berdegune eta bide batzuetatik eskaiak eta zuhaixkak ari dira kentzen udalak eskatuta, "higienea eta garbitasuna" mantentzeko, nahiz "estetika arrazoiengatik", Patxi Elola Lorezaintza zinegotziaren esanetan.
Asti bideko gurbitza
Gurbitza "Zarauzko basoetako espeziea" dela eta, aurten, Itxasmendiko lorateguan 70 kimu landatu dituztela ere azaldu du Elolak. "Arrakastaz loratu dira".
Dena den, Asti bidean dauden gurbitzek "ez dute ia tokirik izan sustraiak garatzeko", Elolaren arabera. "Hazi bezain laster inausi behar dira, autoei eta txirrindulariei enbarazu egiten dietelako. Baldintza penagarri horietan ezin izan dira inoiz loratu, ezta fruiturik eman ere, eta horietako asko lehortzen ari ziren", dio. Hortaz, "hildako eta kaltetutako aleak kendu" eta beste zenbait tokitan birlandatu dituzte "onenak".